Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Galdutako Objektuak’ dokumentala diruz babestu du

Gipuzkako Foru Aldundiak 10.000 euroko diru-laguntza zuzena eman dio Galdutako Objektuak. Zabalza auzia eta tortura dokumentalari. Demokraziaren garaian Espainiako polizia-etxeetan izandako tortura kasuak eta konkretuki, Mikel Zabalzaren desagerpena eta heriotza, aztertuko ditu Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenak sustatutako lanak.

Galdutako-Objektuak-Zinea-Slide

1985eko azaroaren 26an Mikel Zabalza autobus gidari orbaitzetarra Donostian atxilotu zuten, Idoia Aierbe bere bikotekidearekin, Manolo Vizcay lehengusuarekin eta Ion Arretxe lagunarekin, besteak beste. Intxaurrondora eraman zituzten, eta hogei egunera, Endarlatsako putzuan topatu zuten Zabalzaren gorpua; Guardia Zibilaren bertsioaren arabera, inguruko zulo batera bidean, haiengandik ihes egin eta ibaira salto egin zuen, eskuburdin eta guzti.

Lekukoen eta senideen bertsioa, ostera, oso ezberdina da: ez zieten Mikel Intxaurrondon zegoela jakinarazi, eta lehen unean, han zegoela ukatu zieten. Are gehiago, amari esan zioten semea galdu bazuen, galdutako objektuen bulegora joateko. Hortik dokumentalaren izenburua.

Berarekin batera Intxaurrondon izan zirenek Zabalzaren garrasiak eta botakak entzun zituzten, eta gazteak ihes egiteko indarrik ez zuela ondorioztatu zuten, tortura bortitzak tarteko. Aierbek, gainera, Mikelen gorpuzkera zuen gorpua ikusi zuen plastikopean, eta “Oso gaizki dago, joan egin zaigu!” eta halakoak entzun zizkien guardia zibilei. Horregatik, Zabalza Intxaurrondon torturapean hil zela, eta gertatutakoa ezkutatzeko gorpua Bidasoa ibaira bota zutela defendatzen dute.

Dokumentala

Bada, Zabalzaren kasua, baina baita demokrazioaren garaian Espainiako polizia-etxeetako tortura kasuak ere, izango ditu aztergai Ahotsa.info eta Filmotek ekoizten ari diren lanak. Piztu.inforen eta Eguzki Bideoaken laguntza dute, eta Zabalzaren senitartekoak, lekuko zuzenak, baina baita torturak jaso dituzten pertsonak eta torturari buruz ikertzen eta haren aurkako prebentzioa lantzen ari diren adituak ere, elkarrizketatu dituzte.

2015ean lanaren finantzaketarako crowdfunding kanpaina egin zuten, eta helburu moduan jarri zituzten 15.000 euroak gainditu zituzten. Horrez gain, hedabideengana, erakunde publikoengana eta kultura-erakundeengana jo dute laguntza eske, eta besteak beste, Baztango Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso dute. Azken honek 10.000 euro esleitu dizkio laguntza-zuzen baten bidez.

Talde teknikoa, azkenik, Aitor Balbas Ruiz bideo-ekintzaileak, Aitor Merino aktore eta zuzendariak, Miguel Angel Llamas ‘Pitu’ teknikariak, Aritz Gorostiaga Eskuin kameralari eta editoreak, Iñigo Balbas Ruiz bide-ekintzaileak eta Iñigo Ganzarain Fuente errealizadore eta teknikariak osatu dute.