BilbaoArte Fundazioaren ArtHouse Zinema ekimenak Tetsuya Nakashima zinegile japoniarrari eskainitako zikloa atondu du uztaileko lehen asterako. Zinegilearen filmografiako lau film eskainiko dituzte Lirismoa eta Perbersioa izenburupean, eta astelehenean hasi zituzten proiekzioak. Gaur, uztailak 6, Confessions (2010) eta Kawaki (2014) emango dituzte.
Azken urteetako zinegile japoniar ezagunenetakoa da Nakashima. 57 urte ditu, eta XXI. mendearen hasieran, 40 urterekin, estreinatu zuen Happy go-lucky (2004) bere lehen film luzea; ordura arte telebistan eta publizitatean egin zuen lan. Geroztik, ezaugarri estetiko eta tematiko zehatza batzuk jarraitzen dituzten lau film gidatu ditu, eta bere sorterrian zein Asiako beste hainbat lekutan ez ezik, Sitgesko zinema jaialdian ere saritu izan dute.
Bere lanek ekialdeko ukitua dute, eta umorea eta akzioa erabiltzen ditu istorio koloretsuak eraikitzeko.
Gaur, uztailak 6, Confessions eskainiko dute 17:00etan BilbaoArten, eta sarrera doakoa izango da leku guztiak bete arte. Filmeko protagonista bere ikasleez mendekatuko den irakaslea da. Ikasturteko azken egunean, eskola utziko duela iragarriko die gazteei, berriki igerileku batean itota azaldu den bere alabaren hiltzaileak ikasleetako bi direla badakielako. Eta haien aurkako plana martxan duela gaineratuko du.
19:00etan, ordea, Kawaki filma proiektatuko dute. Koji Yakusho aktoreak Showa Fujishima dektektibe mozkortiaren papera antzeztuko du kasu honetan. Bere alaba Kanako oso ikasle ona eta eredugarria da, baina egun batean desagertu egingo da, eta Fujishima haren bila abiatuko da. Pixkanaka, alabaren irudi perfektua pitzatzen joango da. Filma, gainera, uztailaren 7an, ostirala, emango dute bigarrenez, 17:00etan.