Kulturaren Euskal Behatokiak Emakumeen presentzia ikusizko arteetan eta ikus-entzunezkoetan (2016) txostena kaleratu berri du. Ane Muñoz kazetari, zinegile eta scripta arduratu da ikus-entzunezko datuen azterketa kuantitatiboaz, eta Miren Manias ikerlariak, ostera, alderdi kualitatiboa landu du aurrez aurreko elkarrizketen bidez. Azterketak agerian utzi du emakumezkoen presentzia minoritarioa dela euskal ikus-entzunezko sektorean.
2011tik 2015era ekoitzitako filmak, publizitate lanak, telebista saioak eta bestelako ikus-entzunezkoak; 2014-2015 ikasturtean Ikus-entzunezko Komunikazioa gradua eta Irudia eta Soinua prestakuntza zikloa egin zuten ikasleen datuak; EAEko ikus-entzunezko sektorearen egitura; eta hainbat euskal zinema jaialdiren azken hiru edizioak hartu ditu kontuan Kulturaren Euskal Behatokiak ikus-entzunezkoetan diharduten emakumezkoen presentzia neurtzeko. Baita Eusko Jaurlaritzaren gidoien garapenerako laguntza-deialdia eta Kimuak katalogoa ere.
Ikerketaren emaitzak Emakumeen presentzia ikusizko arteetan eta ikus-entzunezkoetan (2016) txostenean kontsulta daitezke, baina ondorioen azaleko irakurketa egingo dugu jarraian.
- Azken urteetan ikus-entzunezko sektorean jardun duten euskal profesionalen artean % 40,5 dira andrazkoak. Bereziki telebistarako saioetan (% 41,9) eta zinemagintzan (% 40) jardun dute, pixka bat gutxiago dokumentalgintzan (% 37,5) eta publizitatean (% 30,1).
- Horien artean gehiengoa, ordea, makillaje (% 100 emakumezkoak), jantziteria (% 80,5 emakumezkoak) eta ekoizpen (% 42,8) departamentuetan aritu ziren; zuzendarien eta dekoratzaileen % 30 inguru ziren andrazkoak, eta oso gutxi ziren, ordea, argiaz eta soinuaz arduratu ziren teknikariak (% 2,8 eta % 7,5 hurrenez hurren). Hau da, langile teknikoen % 30 soilik ziren emakumezkoak, eta langile artistikoen % 36,1.
- 2013ko ekoizpenetan ardura handieneko eginkizunak nola banatu ziren aztertzen badugu, ekoizle exekutiboen % 30 eta ekoizpen-buruen % 44,4 andrazkoak zirela ohartuko gara. Aldiz, zuzendari, gidoigile eta ekoizpen zuzendari guztiak gizonezkoak ziren.
- Aktoreen taldean, bestetik, 2011 eta 2013 urteen artean egindako euskal ekoizpenei dagokienez, protagonisten % 40 ziren emakumezkoak, aktore nagusien % 23,3, taldeko aktoreen % 41,9, eta bigarren mailako aktoreen % 26. Gizonezkoen nagusitasuna nabarmena da talde guztietan.
- Horrez gain, 2013-2015 epean Eusko Jaurlaritzak kaleratutako gidoiak garatzeko laguntza-deialdira aurkeztu ziren 30 urtez azpiko gazteen artean % 33 ziren emakumezkoak, eta 30 urtetik gorako profesionalen artean % 15,63 baino ez. Hizkuntzaren araberako banaketa egiten badugu, euskarazko proiektuak garatzeko eskaera egin zuten lagunen % 29,7 ziren andrazkoak, eta gaztelaniazkoen % 16,2.
Ikerketaren inguruko xehetasun gehiago ezagutzeko, sartu txostenean.
Horrez gain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hamabost emakume elkarrizketatu ditu Maniasek; ikus-entzunezko sektorean eginkizun ezberdinetan aritzen dira eta 23-62 urte artean dituzte.
Bada, elkarrizketatuen arabera, genero-berdintasunak hobera egin du azken hamarkadetan, nahiz eta parekidetasun eza oraindik oso nabarmena den. Horrez gain, emakumezko profesionalek halako lanpostuak hartzeko nahikoa formazio akademiko duten arren, ikara-sentimenduak eraginda, ziurgabetasuna, ezintasuna eta gutxiago direla sentitzen dute. Gainera, erreferente femeninorik ez dutela salatzen dute, unibertsitatean ia beti gizonezkoek egindako lanak erakusten dizkietelako.
Elkarrizketatutako profesionalek, halaber, kontaktu- edo lan-sareak izatea oso garrantzitsua dela azpimarratu dute, euskal ikus-entzunezko industria txikia delako eta proiektu gutxi egiten direlako. Eta era berean, hedabideek genero femeninoaren ekoizpenari presentzia kuantitabio bidezkoagoa bermatu beharko lioketela uste dute.
Segidan dituzue irakurgai elkarrizketetatik ateratako ondorio nagusiak.