Estiu-1993-Kritika-Mikel-Zumeta-kartelaZuzendaria: Carla Simón

Urtea: 2017

Herrialdea: Katalunia

Katarsiak bere denbora behar duelako, denbora guztiak ez direlako berdinak.

Oroitzen naiz bai, filmak deskribatzen duen udaz, 1993ko udaz. Eta ziurta dezaket denbora beste modu batean igarotzen zela, koloreak bestelakoak zirela, usainak, haserrealdiak eta barreak.

Txikia da Frida, gure protagonista, eta bera bezain txikia da ezagutzen duen mundua, besoekin besarka dezakeen tamainakoa. Edo handiegia agian, eta horregatik, ezagutzen duen hori desagertzen denean, safari batean murgilduko da, eta gu ere berarekin eramango gaitu, beharbada, zorte pixka batekin, galdutakoa topatuko dugulakoan. Carla Simon zuzendariaren lehenengo zinta guztiz benetakoa da; txikia, bera garai hartan zen bezalakoa, intimista, eta batez ere, benetakoa, zintzoa. Bere bizipen eta oroitzapenez ari zaigulako.

Itzela da nola umetan gauzarik ezdeusenekin mundu bat sor dezakegun eta bertan gal gaitezkeen. Nola, edozein tontakeriarekin, abentura edo erritual bat sor daitekeen. Helduen mundu ulergaitz eta gupidagabetik alde egiteko zeharbide ugari topa ditzakegu. Iritsiko zaigulako azkenean helduaroa, eta honekin batera helduen garaia, gauzak bihotzarekin bakarrik sentitzetik buruarekin sentitzera igaroko garen unea. Fridak berarekin eramango gaitu, eta Ana lehengusinaren eta izeba-osaben baserrian pasako dugu uda. Baso, zelai eta abereen artean, krabelin usaina, kilker eta txitxarren soinu etengabea. Axolagabetasuna, haserrea eta borroka. Mundu txiki honetan bere lekua aurkitzeko borroka.

Kamerak trebezia harrigarriarekin umetuko gaitu, eta haur baten begi lausoak eskainiko dizkigu zinta jaten duten bi pertsonaia nagusiekin batzeko, Fridarekin eta Anarekin. Horrela, agian, umea izatea zer den gogoratuko dugu. Denbora mota asko dagoelako: zentzumenen denbora, haurtzaroaren denbora, bihotzarekin soilik neurtzen den denbora.

Gauza sinpleenetan jarriko dugu arreta, trikimailu eta logikarik zentzugabeenak jarraituko ditugu, eta aurrera egingo dugu, kezkarik gabe.

Helduak izango ditugu inguruan. Euren kezka, agindu, beldur eta debeku galarazleekin. Baina badakigu egiten duguna egiten dugula, hor izango ditugula, une latzenetan beso artean hartzeko, laztantzen gaituzten bitartean buruan musu emateko, edo garaia iristen denean, ulertzen ez dugun horri erantzuna emateko.

Denbora mota asko dagoelako, denbora neurtzea oso zaila da. Zein ideia absurdoa ordularia, helduren baten asmakizuna, seguruenik. Denbora taupaden bidez neurtuko du Fridak, gehien maite zuen horren besoetatik urrunduta. Filmak bere denbora hartuko du, gure protagonista bere bizitza betiko aldatu dela konturatuko den arte.

Beti egongo direlako aldaketak, umetan zein handitan, kontua da aldaketez jabetzeko eta horiek barneratzeko zenbat denbora behar dugun. Esan bezala, denbora mota asko dagoelako; pertsona eta une bezainbeste.