Zineman ere harro

Ekainaren 28an LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatu zen. Data hori aitzakia moduan hartuta, LGTBIQ+ pertsonen istorioak eta aldarrikapenak jasotzen dituzten film onenen zerrenda ekarri nahi izan dut txoko honetara. Homofobia eta transfobia eguneroko errealitatea dira munduko leku askotan, eta LGTBIQ+ komunitatearen eskubideen aldarrikapenak entzutea beharrezkoa da. Horregatik, oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit film hauek, oso kalitate onekoak direlako eta maitatzeko modu asko daudela erakusten digutelako.

La vie d’Adèle

Adèle eta Emmaren arteko maitasun istorioa kontatzen duen filma. Gazteak dira, eta lehenak ez daki ziur emakumeak gustoko ote dituen. Bien arteko harremana oso sutsua izango da, eta lehen maitasun istorio bat baino gehiago kontatuko digu filmak. Lesbianen artean klasiko bihurtu den lanak Urrezko Palmorria eskuratu zuen Cannesen 2013an. Azken asteetan jakin dugu, baina, filmaren zuzendari Abdellatif Kechichek saria saldu nahi duela esku artean duen filmaren ekoizpena amaitu ahal izateko.

LGTBIQ-Amaia-Garcia-Zinea-La-vida-de-Adele

Laurence Anyways

Xavier Dolan zinegile kanadarraren film hunkigarriena da, eta nire pelikularik gustukoena. Laurenceren istorioa ekarriko digu: Literatura irakaslea da, eta halako batean, sexuz aldatu nahi duela adieraziko die bikotekideari eta lagunei.  Laurencen ingurukoek asko kritikatuko dute prozesua, eta bikotekidearekin duen harremana ere zaildu egingo da. Emozioz beteriko pelikula da, eta musikaren aukeraketa aparta da.

LGTBIQ-Amaia-Garcia-Zinea-Laurence-Anyways

Carol

AEBtako 50eko hamarkadara eramango gaitu Cate Blanchett aktorea protagonista duen filmak. Patricia Highsmith idazlearen eleberrian oinarritutako lanak garai hartan lesbiana izateak zein zailtasun zituen erakutsiko digu, ezkutuko maitasun istorio eder eta debekatu bat kontatuko baitigu filmak. Bereziki azpimarragarria da Cate Blanchetten lan aparta.

LGTBIQ-Amaia-Garcia-Zinea-Carol

Call me Kuchu

Ugandan ere ez da betere erraza homosexuala izatea. Zigor oso gogorrak ezartzen dituzte, eta homosexualak beren sentimetuak kalean azaleratzeko beldur dira. Call me Kuchu Ugandako LGTBIQ+ mugimenduari buruzko dokumental gogorra da, bertako errealitatea bezalaxe. Baina filmak bertan agertzen diren protagonisten artean komunitate bat sortzeko balio izan du, baita Ugandako errealitatea mundu osoan ezagutzeko ere.

LGTBIQ-Amaia-Garcia-Zinea-Call-Me-Cuchu

La belle saison

Txoko honetara ekarri nuen filma joan zen abuztuan. 70eko hamarkadako Frantziako mugimendu feministan maiteminduko dira Delphine eta Carole. Garai hartan feminismoa eta LGTBIQ+ mugimenduak bateratuta ez zeudela erakutsiko digu lanak, baita garai hartako homofobia eta matxismoa ere.

LGTBIQ-Amaia-Garcia-Zinea-La-belle-saison

A escondidas

Mikel Ruedaren bigarren filmak nerabezaroari buruzko istorio gogor eta ederra kontatuko digu, lehen aldiz maiteminduko diren bi gazteren ikuspegitik. Film hunkigarri honek Ibra eta Rafaren maitasun harreman zailaz hitz egingo digu, eta kanpoko zein barruko homofobia izango ditu aztergai, protagonistek zailtasunak izango baitituzte beraien maitasuna onartzeko.

LGTBIQ-Amaia-Garcia-Zinea-Mikel-Rueda

80 egunean

Axun eta Maiteren maitasun harremanaz mintzatu ziren, ordea, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga elkarrekin egin zuten lehen filmean. Emakume helduen sexualitatea jorratzen du lanak, eta lehen aldiz sexu bereko pertsona batek erakarriko duen andrazkoaren istorioa pantailaratuko du. Klasiko bihurtu den filma derrigorrez ikusi beharrekoa da.

LGTBIQ-Amaia-Garcia-Zinea-80-Egunean

Theo y Hugo

Theok eta Hugok sexu-klub batean egingo dute topo.  Txortan egin ostean, Parisko kaleetan ezagutuko dute elkar, eta sexu harremanean babesik erabili ez dutela ohartuko direnean, bien arteko harremana erabat aldatuko da. IHESAren mamua presente izango dute maitemintzen diren bitartean.

LGTBIQ-Amaia-Garcia-Zinea-Theo-Hugo