Ekainaren 7an iragarri zituen Jaurlaritzak zinemagintzara bideratutako laguntzen egituran egingo zituen aldaketak, eta gaur bertan, uztailak 3, kaleratu dute urteko lehen deialdia. Filmen ekoizpenerako laguntzak dira, eta orotara 2.260.000 euroko aurrekontua dute.
Sortzaile berriak bultzatzeko, gidoien sorkuntza eta proiektuen garapena uztartzeko, eta nazioarteko koprodukzioak sustatzeko helburua dute Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailak, gidoigileekin eta ekoizleek izandako elkarrizketak kontuan hartuta, zinemagintzarako laguntzei egin dizkien aldaketek.
Gidoien sorkuntza, proiektuen garapena eta filmen ekoizpena babesteko deialdien artean, azkenekoa zabaldu berri dute gaur, uztailak 3, eta eskatzaileek hilabeteko epea izango dute proiektuaren inguruko agiri guztiak helarazteko. Gidoien sokuntza eta proiektuen garapena laguntzeko deialdiak, ostera, irailean kaleratzeko asmoa azaldu zuten agerraldian.
Deialdi zehatz honetako aldaketa nabarmenena, aurrekontuaren igoeraz gain (orotara 2.260.000 euro banatuko baitituzte), aurrekontu txikiko fikziozko film luzeak laguntzeko partida berria da. Izan ere, Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak azaldu zuenez, egile berrien proiektuak, proposamen arriskutsuak eta baita emakumeek zuzendutako lanak ere, kasu askotan, 800.000 eurotik beherako aurrekontua izan ohi dute. Eta haiei zuzendutako partida zehatz baten bidez, fikziozko film luzeen poltsa orokorretik aterako dira eta aukera gehiago izango dituzte laguntza jasotzeko.
Ondorengo hauek dira atal bakoitzera bideratutako kopuruak:
Film luzeen eta dokumentalen ekoizpenera: 2.100.000 euro
- Fikziozko film luzeak: 860.000 euro
- Aurrekontu txikiko fikziozko film luzeak: 500.000 euro
- Animaziozko film luzeak: 500.000 euro
- Sormen dokumentalak: 240.000 euro
Film laburren ekoizpenera: 160.000 euro
Aldaketen inguruko xehetasunak eta deialdi berriaren ingurukoak.