Estiu 1993 (Verano 1993)

Carla Simón katalanaren haurtzaroari buruzko dramak Berlingo Zinemaldiko Opera Prima onenaren saria eta epaimahaiaren sari nagusia eskuratu zituen urte hasieran, eta Málagako zinema jaialdian ere Urrezko Biznaga lortu zuen. Izan ere, bere historia kontatzen duen film txiki bezain ederrak 1993ko Kataluiniara eramango gaitu. Fridak (Simónen alter egoak) sei urte izango ditu, eta HIES gaitzagatik ama hilko zaio. Aita gizon gatazkatsua da, eta ama galdu ostean, osaba-izebekin eta Anna izeneko lehengusina txikiarekin bizitzera joango da landa eremura. Filmak haurraren egokitzapen prozesua, dolua eta lehengusinen arteko harreman purua erakutsiko dizkigu, handikerietan eta drama errazean erori gabe. Laia Artigas eta Paula Robles gazteak gorpuztu dituzte bi neskatilak, urte erdi iraun zuen castingaren ostean.

Colossal

Nacho Vigalondo zinegile kantabriarrak, bere aldetik, arrakasta handia erdietsi du AEBtan zientzia fikziozko bere lan berriarekin, Sundance jaialdian, Toronton eta Fantastic Fest izeneko AEBtako fantasiazko zinema jaialdi entzutetsuenean izan baita. Anne Hathaway eta Dan Stevens dira filmeko aktore nagusiak; lehena Gloria izango da, lana eta bikotekidea galdu ostean, New York utzi eta sorterrira itzuliko den neska gaztea. Albistegian ikusiko du Seul suntsitzen ari den munstroa, eta pixkanaka ohartuko da, lotura berezi bat duela izaki ezezagun horrekin. Ondorioz, kalte gehiago eragin ez ditzan, bere papera zein den ezagutu beharko du gazteak.

Kono Sekai no Katasumi ni (En este rincón del mundo)

Eta asteko animaziozko proposamenekin hasteko, Japoniatik helduko zaigun Sunao Katabuchiren drama. 1944an, II. Mundu Gerrak Japonia astindu zuen garaian, Suzu Urano izeneko nerabea Kure (Hiroshima) hirira joango da bizitzera, haurra zenetik ezagutzen duen Shusaku Hojo itsas armadako soldaduak ezkontzeko eskatu ostean. Bertan, Hojoren familiarekin biziko da, eta gatazkaren ondorioak eguneroko bizimoduan islatuko dira. Suzuk, baina, aurrera egiten jakingo du. Istorio hunkigarri eta ederra, Fumiyo Konoren manga komikian oinarritutakoa.

Despicable Me 3 (Gru 3. Mi villano favorito)

Bigarren animaziozko lana etxeko txikiek ongi ezagutzen duten Gru bilauaren hirugarren atala da. Kyle Baldak, Pierre Coffinek eta Eric Guillonek zuzendutako filmean, Gruk anaia biki bat duela jakingo du. Haurrak zirenean banandu zituzten, eta ordutik ez du haren berririk izan. Orain, ordea, minionsak lagun, hura ezagutzera joango da, lanetik bota baitute. Bada, anaia bilau aberats eta jostaria izango da, eta Gru lan makurretara erakarri nahiko du berriro. Nazioarteko kritiken arabera, aurreko bi atalen ildo berari jarraituko dio, baina proposamen entretenigarria da.

Gifted (Un don exceptcional)

Chris Evans eta Jenny Slate aktore estatubatuarrek hartu dute parte Marc Webbek zuzendutako familia giroko draman. Zazpi urteko Mary txikiak matematikarako aparteko gaitasuna duela erakutsiko du eskolan. Irakasleak neskaren kustodia duen osabarekin hitz egingo du, baina honek ez du haurra eskola pribatu berezi batera bidali nahiko, neskatilak bizimodu arrunta izaten jarraitu dezan. Une horretan Evelyn azalduko da, Maryren amona, eta neskak heziketa berezia jasotzearen alde egingo du, gaitasunak garatu ditzan.

Powidoki (Los últimos años del artista: Afterimage)

Poloniatik, ostera, herrialdeko artista ezagunenetako bat den Wladyslaw Strzeminskiren inguruko drama helduko zaigu, 50eko hamarkadara eramango gaituena. Afterimage izenak irudi mota bati egingo dio erreferentzia: argia islatzen duen objektu bat begiratu ostean, betazalen azpian itsatsita jarraitzen duten ilusio optikoak.

Jamais contente (Aurora)

Le journal d’Aurore (Marie Desplechin) gazteentzako literatur trilogian oinarritutako filma dakar, bestetik, Emilie Deleuze zinegile frantziarrak. Pauline Acquart aktoreak gorpuztu du Aurore, bere ingurua aztertzeko modu berezia duen nerabea. Musikaren bidez, eguneroko errutinatik irtengo da, eta bizitza beste ikuspegi batetik aztertzeko aukera izango du. Berlingo zinema jaialdian estreinatu zuten drama.

Despido procedente

Imanol Arias, Darío Grandinetti eta Hugo Silva aktoreak Lucas Figueroaren aginduetara jarri dira lan-munduko komedia osatzeko. Arias telekomunikazioetako enpresa garrantzitsu bateko zuzendaria izango da. Bere bizitzako asterik garrantzitsuenari aurre egin beharko dio, baina Grandinettik antzeztutako pertsonaia bereziarekin topo egingo du, eta planak ez dira espero bezala irtengo.