DA2 (DOMUS ARTIUM 2002) izeneko arte garaikidearen zentroan Maria Elorza (Gasteiz, 1988) eta Maider Fernández Iriarte (Donostia, 1988) zinegileek osatutako Las Chicas de Pasaik kolektiboari eskainitako erakusketa izango da ikusgai gaur, ekainak 28, hasi eta urriaren 15era arte. Agosto sin ti (2015), Gure Hormek (2016) eta La Chica de la luz (2016) film laburrak proiektatuko dituzte.

Las-Chicas-de-Pasaik-Erakusketa-Salamanca-Zinea

2011n, Aitor Gametxorekin batera eta Benito Ansola bekaren bidez, Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa lan laburra osatu zutenetik, haien egunerokoa, oroitzapenak, familia, hiria… biltzen dituzten dozena bat lan esperimental osatu dituzte Elorza eta Fernández Iriartek, besteak beste, Bilboko Zinebi jaialdian, Cádizko Alcances jaialdian, Sevillako Zinema Europarraren Jaialdian, Bartzelonako L’Alternativa Zinema Independentearen Jaialdian eta Donostiako Zinemaldian aurkeztu dituztenak.

2016a, gainera, arrakastaz beteriko urtea izan zen bi gazteentzat, Donostia 2016ren Kalebegiak proiektu kolektiborako La chica de la luz eta Kimuak katalogoan hautatua izan zen Gure Hormek film labur dokumentalak osatu baitzituzten. Azken horrek, gainera, Zinebi jaialdiko Euskal Zinemaren saria eta Málagako Zinema Jaialdiko dokumental labur onenaren saria jaso zituen.

Bada, gaur, ekainak 28, hasi eta urriaren 15era arte, Las Chicas de Pasaik kolektiboak osatutako hiru lan proiektatuko dituzte Salamancako DA2 arte garaikidearen zentroan. Visiones Contemporáneas zikloaren hamalaugarren edizioa izango da, eta Playtime Audiovisualesek egin ditu komisario lanak. Info gehiago.