Selfie-Film-Mikel-Zumeta-KritikaZuzendaria: Victor García León

Urtea: 2017

Herrialdea: Espainia

Umorea gaitz guztien sendagaia omen da. Bada, hala bada hobe, batez ere egungo egoera soziopolitikoaz hitz egiterako garaian. Horren harira, estatu politikan azken urteotan bizi den ustelkeria eta hori guztia inguratzen duen zirku mediatikoa ardatz bezala hartuko ditu Selfie filmak.

Esan bezala, umoreak egoera latzenak arindu ditzake, eta kasu honetan, kritika garratzenak digerigarriagoak egingo ditu, zorroztasuna alde batera utzi gabe, zinismoz beteriko analisia eramangarriagoa eginez.

Umorearen gaitasuna horrelakoa da, eta Victor García León zuzendariak ondo baino hobeto daki, aukeratutako tonuak helburua lortzen baitu. Hausnarketarako bidea da, lotsa pasaraziko digu uneoro, aurpegia jertsearekin estaltzerainokoa, eta sinesgaitzak diren egoeretatik igaroaraziko gaitu. Eta kontua da tonu horri esker, ez zaigula astuna egingo, ez dugula pedantetasunik ikusiko, eta ez zaigula mitin baten pareko diskurtso kritiko topikoa irudituko.

Selfie filmak helburu oso sinplea du: barrea eragitea. Barrea eragiteko Bosco erabiliko du, inoiz ezagutu duzun lotsagaberik lotsagarriena. Boscoren bitartez, estatu mailan bizi den errealitate politiko bereziaren nolakotasunak ezagutuko ditugu. Talka ideologikoak eta kontraesanak. Estatusa, dirua, boterea eta harreman publikoek eskaintzen duten abantaila; eta ideologia politikoek ezartzen dizkiguten estigma edo aurre iritziak. Eskerrak Boscok Maca aurkituko duen! Maitasuna itsua dela diote, baita justizia ere. Zortekoa Bosco, zortekoak guztiok, momentu latzenetan ere, aurrera egiteko aukera izango dugula sinestaraziko baitigu filmak, garen modukoak garela ere.

Zuzendariak aukeratutako castinga ezin hobea da, batez ere, protagonistari dagokionean. Guztiz ezezaguna zitzaidan Santiago Alverú (Bosco) aktoreak lotsagabekeria eta zintzotasuna maila gorenetara igotzeko gaitasuna erakutsiko duelako. Zinta berari esker delako posible, berak eusten baitu dokumental fikzionatu honen pisu guztia, berak eta bere xelebretasunak.

Film txikia da Selfie, eta agerikoa denez, ez du baliabide tekniko handirik. Horrek ezeroso sentiarazi gaitzake momentu batzuetan. Izan ere, ordu eta erdiz kamera eskuetan eusteko argudioak ez du indar handirik izango. Baina hala eta guztiz ere, filmak helburua gaindituko du, guztiz, nigan behinik behin.

Arintasunez jantzitako satira honetan ez delako inor libre geratzen, ez eskuin eta ez ezker. Batzuen botere-gosea eta hutsalkeria estereotipatua erakutsiko dizkigu, besteen ontasuna eta zintzotasuna diskurtso populistekin pareka daitekeela ohartaraziz. Egunotan bizi dugun izpiritu kritikoaren gabezia eta pentsamolde dogmatikoetan erortzearen erosotasuna agerian utziko ditu zuzendariak.

Egokitu zaigun aldean omen gaude, eta bertatik hausnartzen dugu errealitateaz. Kontua da, alde baten malgutasuna ez dela bestearen parekoa. Eta horri esker Boscoren garapena ikusi ahal izango dugu, gure bizipenen ondorioa garelako, maletak eskutan, bizitza den oholtza erraldoi honetan galdurik.