Errol Morris, dokumentalak eta ‘Interrotron’ makina

Aitortu behar dizuet orain urtebete blogarekin hasi nintzenetik arantza txiki bat izan dudala azalean, oso zalea naizen arlo bat ukitu gabe bainuen orain arte: dokumentalena. Eta horretarako izen garrantzitsu batekin estreinatzea bururatu zait: Errol MorrisDokumentalen munduan ezinbesteko izena dela esango nuke, bere lanen artean bitxikeria sinestezinak aurki baititzakegu, askotan, fikzioarekin mugan daudenak. Tartean, 1978ko Gates of Heaven. Garai hartan Morris ez zen batere ezaguna, eta sekulako esfortzua egin behar izan zuen dokumentala aurrera eramateko. Gaia hain zen deskribaezina (animalia-hilerri bat aurrera eramateko bikote batek egindako ahalegina) non Werner Herzog zinegileak (dokumentalen alorreko beste izen potolo bat) ondorengo apustua egin ziola: proiektua amaitu eta zinema aretoetan estreinatzea lortzen bazuen, bere zapata jango zuen.

Ba erne, Errolek dokumentala amaitu eta estreinatu egin baitzuen, eta Herzogek porrota onartu eta Werner Herzog Eats His Shoe film labur dokumentalean ikus dezakegun bezala, bere zapata jan baitzuen. A ze parea!

Baina bada Errol Morrisen inguruan beste  bitxikeria bat ere, niri pertsonalki zirraragarria iruditzen zaidana. Egia al da dokumentaletan azaltzen diren pertsonaia guztiak aparatu baten bitartez elkarrizketatzen dituela, eta ez berak aurrez-aurre? Halaxe da, bai,  Interrotron izeneko makina baten bitartez, konkretuki. Interro…zer? Bai, Interrotron. Teknologia berri desberdinak uztartuz erabilera berri bat eman dio aparatuari.

Gaizka-Izagirre-Zinea-Tabloid-Errola

Pausoz pauso, aparatu hori burura botako didazue bestela eta. Errol Morrisen ibilbidea behin betiko bultzatu zuen lana The Thin Blue Line dokumentala izan liteke, ziurrenik. Bertan Randall Dale Adamsen kasua erretratatu zuen; polizia bat hiltzeagatik biziarteko kartzela-zigorrera epaitua zuten tipoa (dokumentalean zer gertatzen den ez dut argituko, ikusi, bikaina baita). Geroztik, Morris erreferentzia bihurtu da zinema-dokumentalaren munduan. Ukitzen dituen gaiengatik, guztietan detektibe moduko lan bat egiteagatik, baina batez ere, elkarrizketetarako duen abilezia bereziagatik. Eta nola lortu du hori? Bada, neurri batean, aipatu dugun aparatuaren asmakuntzari esker. Baina zer arraio da aparatu hori? Eta zertarako balio du?

Gaizka-Izagirre-Zinea-Morris-Rumsfeld

Elkarrizketatuaren eta zuzendariaren aurrean jartzen den gailu moduko bat da, bi ispilu dituena; hala, protagonistak kamera eta elkarrizketatzailea, biak, ikusten ditu aldi berean. Arrazoidun erantzunak emateaz gain, eszena zama-emozional handiz betetzea lortzen da horrela, zuzendariarekin “birtualki” ari baita hizketan, eta ez aurrez-aurre. Alegia, bien arteko lotura makina horren bitartez sortzen dela, elkar ikusi eta entzuten direlako, baina ez daudelako “fisikoki” bata bestearen aurrean.

Gaizka-Izagirre-Zinea-Interrotron

Izena, gainera, bere emazteak asmatu zuen, elkarrizketa eta beldurra hitzak (ingelesez) elkartuta (Interview+terror). Gezurra badirudi ere, sistema honen bidez une paregabeak lortzen ditu zuzendariak, bera aurrez aurre jarrita lortuko lituzkeenak baino askoz ere eraginkorragoak. Izan ere, elkarrizketatua “bakarrik” sentitzen da, ez du zuzendariaren presentziak kikiltzen, eta erantzun eta bereziki, erreakzio, sinestezinagoak loratzen dira.

Tipo interesgarria oso, zinez gomendagarria bere obra osoa ikustea, pertsonaia guztiei sekulako etekina ateratzeko duen trebezia hori ikusteko, batik bat.

Horixe bere filmografia osoa, baina zuzenean ezinbesteko filmak ikusi nahi badituzue, The Thin Blue Line, The Fog of War (dokumental onenaren Oscar saria), Tabloid eta Gates of Heaven gomendatuko nizkizueke.

Gates-of-Heaven

Dokumentalez hitz egiten jarraitu nahiko nuke etorkizuneko sarreretan, baina etxeko-lanak aurretik egin nahi badituzue, aipaturiko Errol Morrisez gain, Werner Heroz, Chris Marker, Dziga Vertov, Ross McElwee,  Harun Farocki, Claude Lanzmann, Agnès Varda,Alan Resnais, Robert Flaherty, Joris Ivens, Sergei Loznitsa,  Joe Berlinger Bruce Sinofsky, Johan van der Keuken eta Rob Epstein zinegileen lanak ikustea gomendatzen dizuet, besteak beste.