Euskadiko Filmategiak Jazzinema zikloa aurkeztu zuen ostiralean, Joxean Fernandezek, Filmategiko zuzendariak, Miguel Martinez Heineken Jazzaldiko zuzendarirekin batera eginiko agerraldian. Bigarren urtez, uztailerako programatu dituzte saio guztiak, Jazzaldia eta Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan. Besteak beste, Etienne Comar frantsesaren Django filmaren aurre estreinaldiaz gozatu ahalko du publikoak.
Jazz eta zinema zaleentzat ezinbesteko hitzordua bilakatzeko xedez egikaritu zuten iaz lehen aldiz proiektua, eta aurten ere mimoz landu dute pantailaratuko dituzten filmen aukeraketa. Etienne Comar zuzendariak Berlinalen aurkezturiko lanaren aurkezpenaz gainera, Woody Allen, Bertrand Tavernier, Shirley Clarke eta Fernando Trueba zuzendarien filmak bilduko ditu egitarauak. Saioetako bik, gainera, Trueba beraren presentzia izango dute, honek bere pelikula kuttunak publikoarekin partekatu asmoz.
Tabakalerako 1 zinema aretoan egingo dira saioak, lekuaren edukierak suposatzen duen publiko gaitasun mugatuarekin. Horregatik, aldez aurretiko salmenta zerbitzua egongo dela iragarri du Filmategiak, Tabakalerako lehen solairuan kokatutako informazio puntuan. Emanaldien egunean bertan ere, saioa hasi baino orduerdi lehenago, sarrerak eskuratzeko aukera egongo da, areto ondoan propio kokaturiko lehilatilan.
- Uztailak 6 (19:00):
SWEET AND LOWDOWN (Woody Allen, 1999). AEB. 95’
Emmet Ray jeinu bat da, gaitasun aparteko musikaria. Arazoetan sartzeko duen joerak eta konpromisoak bere gain hartzeko duen ezintasunak, ordea, oztopo izango dira bere gailur profesionala egiterako momentuan.
- Uztailak 13 (19:00):
DJANGO (Etienne Comar, 2017). Frantzia. 117’
*Aurre estreinaldia
Django Reinhardt gitarra-jole eta musikagile ezagunaren historia kontatzen du filmak. Jazz europarraren baitan, artista amerikar handien adinako eragina izatera iritsi zen lehendabiziko musikaria izan zen Reinhardt, nazien jazarpen eta pertsekuzioari aurre eginaz.
- Uztailak 21 (19:00):
CALLE 54 (Fernando Trueba). Espainia-Frantzia. 105’
*Fernando Trueba zuzendaria izango da aurkezpenean
Zuzendariak berak aitortu bezala, jazz latinoarekin zuen zorra kitatzeko sorturiko proiektua da hau. Izan ere, musika genero horrek beste inork ez bezala lagundu baitu gozatzen eta bizitzen. Filma hau musikal bat da; musikaz, sormenaz eta sorrera prozesuaz hitz egiten duen musikala. Protagonistak, berriz, musikariak.
- Uztailak 22 (19:00):
THE CONNECTION (Shirley Clarke, 1962). AEB. 110’
*Fernando Truebaren gustukoena
Jack Gelberren izen bereko antzezlanean oinarritutako film honek zinemagile gazte baten jarraipena egiten du, heroinarekiko menpetasuna duen pertsona batzuk filmatzen dituen unean.
- Uztailak 27 (19:00):
ROUND MIDNIGHT (Bertrand Tavernier, 1986). Frantzia. 133’
1959 urteko gau bat, Parisen. Hondoa jotako jazz musikari batek Blue Note klubeko bezeroak harrituta utzi ditu bere saxoaren doinu ederrarekin. Areto kanpoan ere, gogotsu ari zaio entzuten ardo baso bat ordaintzeko ere behartsuegia den gizonezko bat. Segituan egingo dute bi ardi galduek harremana. Bud Powell pianojolearen eta Lester Young saxofonistaren bizimoduetan oinarrituta dago filma.