Zuzenel_viaje_a_ninguna_parte_ AZALAdaria: Fernando Fernan Gomez

Urtea: 1986

Herrialdea: Espainia

Aste honetan Euskadiko Filmategiak eskaintzen duen Fernando Fernan Gomezi buruzko zikloa probestuko dut datorren ostegunean, ekainaren 29an, Donostiako Tabakaleran proiektatuko den filmeaz aritzeko.

Zuzendariak dioen bezala, inora ez garamatzan bidaia proposatzen digu filmeak, baina horrek ez du derrigorrez esan nahi bidaiak merezi ez duenik. Jose Sacristan, protagonistaren oroitzapenetan zelatan ibiliko gara. Memorian galdurik, apetatsuak dira oroimenak, ordenarik eta norabiderik gabe baitabiltza. Eta Carlosen (Jose Sacristan) oroitzapenekin batera egingo dugu bidaia, bere aktore ibilbidea jarraituz, antzerkiko aktore ibiltari txiro bezala hasieran, ospe handiko zinema aktore bezala ondoren.

Bizitzak argi ilunak dituelako, horrela gogoratzen ditu bizipenak Carlosek, eta horrela irudikatzen ditu filmaren argazkiarekin zuzendariak. Plano oso kontrastatuen bitartez, ilunpetan kasik askotan. Ozta ozta aurpegi erdia argitua duela, protagonistak memoria arakatzen du garai historiko baten kontakizuna antolatu nahian.

Carlos aktorea da, edo hobe esanda komediantea, filmean esaten duten bezala. Komediante lana nolakoa zen edo nola gogoratzen duen azalduko digu. Pobreziaren mugetan herriz herri eskale ibiltarien pare ibiltzen zirenekoa. Tradizio eta bizimodu baten azken egunen kronika egingo du filmak. Zinemaren agerrera eta garai berriena, honekin batera, aldaketak sorraraziko dituzte. Aldaketa hauek tradizio eta ohiturekin talka egingo dutela ikusiko dugu, eta talka honen ondorioz egoera berri bati hasiera emango zaio. Bitartean beldurrak, mehatxuak eta mesfidantzak ikusiko ditugu.

Leire Apellanizek duela urte bete aurkezturiko Azken uda (El ultimo verano) dokumentala dakarkit gogora, edo, hobe estako, alderantziz. Leirek udako zinema ibiltariaren amaieraren kronika egiten zuen bezala, Fernan Gomezek komediante ibiltarien azken egunen kronika egingo digu. Desagertzear dagoen ohitura eta bizimodu baten nolakotasunen datu bilketa nostalgikoa, zeluloidean ondo bilduko du, gal ez dadin.

Eta memoria berriro ere, oroitzapenak, erabakiak, eta atzean utzi genuena. Zeren alde apustu, zer alboratu. Errekapitulazioak ez dute zertan xamurrak izan behar. Bidean gelditu zirenak, geure bizitza zeharkatzen dituzten pertsonak, noiz eta nola. Paraleloan bidea egiten dutenak, edo tangenteak bezala suziri baten moduan gurutzatzen dutenak, perpendikularki, gure bizitzen nondik norakoak guztiz baldintzatuz. Horrela oroitzen da bere bizitzaz protagonista, nostalgiaz beteriko hitzekin, inoiz errepikatu ezin izango dituen hutsegiteen bilduma, Juanita bere betiereko maitea bizi den leku hura, memoria.

Oroitzapen bilduma hau osatzeko luxuzko aktore sorta dugu: Jose Sacristan, Fernando Fernan Gomez, Maria Luisa Ponte, besteak beste. Eta soinubandaz zer esanik ez, Pedro Iturralde faltzestarra. Jazz pieza desberdinekin jantziko du zeluloidea, istorioaren une askotan txundigarria den freskotasunaz eta garaikidetasunaz hornituz.

Bi hitzetan, aktore ofizioaren gazi-gozoak eta gatz eta piperrak agerian utziko ditu zuzendariak, kritika sozialari muzin egin gabe. Horretarako ona genuen Fernan Gomez, beldurrik gabe ahoa irekitzen zuen horietakoa, dena pikutara bidaltzeko bazen ere.