Hilabete inguru falta da Zineleku 2017 udalekuak hasteko, uztailaren 23tik abuztuaren 3ra egingo baitute egonaldia Gasteizen, eta izena emateko epea zabalik da oraindik, hil amaierara arte. Bien bitartean, udalekuetan eskainiko dituzten ikastaroak eta bertan izango diren irakasle eta gonbidatuak konfirmatu dituzte antolatzaileek.
Hamar egunez, zinema bizi eta arnastuko dute Zinelekun egonaldia egingo duten 18 eta 30 urte arteko gazteek. Horretarako, dozena bat ikastaro atondu dituzte Garbiñe Ortega eta Ricardo del Conde udalekuen koordinatzaileek, eta segidan aipatuko ditugun profesionalak irakasle lanetan ariko dira:
- Dokumentalen lantegia, Maider Fernándezekin. Las Chicas de Pasaik kolektiboan osatu dituen azken bi lanak Gure Hormek (2016ko Kimuak katalogoan) eta La chica de la luz (Kalebegiak proiektuan) izan dira. Horrez gain, Ikusmira Berriak deialdian lantzeko aukeratua izan da Las letras de Jordi bere proiektu berria.
- Soinu lantegia, Luca Rullo soinu teknikariarekin eta Xabier Erkizia musikari, ekoizle eta kazetariarekin. Tracking the Sound: Soundtrack-aren artea landuko dute ikasleek.
- Formatu, proiekzio eta aspektu teknikoen inguruko solasaldia, Leire Apellanizekin. Señor y Señora ekoizpen etxeko kidea da, eta Espainiako zinema jaialdi askotan egin du lan sail teknikoko arduradun gisa. 2016an berak zuzendutako lehen dokumental luzea, El último verano, aurkeztu zuen.
- Super8 lantegia, Adriana Vila eta Luis Maciasek osatutako artista/zinegile bikoarekin. Bartzelonako Crater-Lab laborategia sortu zuten, eta lantegiak eta mintegiak antolatzen dituzte Europa, Latinoamerika eta AEBtako zinema jaialdietan.
- Gidoi lantegia, Maider Oleagarekin. Zinegile bilbotarraren Ira 26-2 proiektua Ikusmira Berriak deialdian hautatu zuten 2015ean, eta uneotan lana ekoizten ari da. Horrez gain, Agur/Henffych! sorkuntza-lanea ari da buru-belarri.
- Soinu postprodukzio praktika, Martín Guridi soinu teknikari, zineko soinu diseinatzaile eta zinema zein musika ekoizlearekin. Dozenaka euskal zinegile eta konposatzailerekin lan egindakoa da.
Horrez gain, errodaje taldeak, bere aldetik, filmazio plana, gidoia eta grabaketa landuko ditu Oleagarekin, Fina Salegi ekoizlearekin, Juan Arrosagaray irakaslearekin eta Aitor Merino zinegilearekin.
Eta proiektuen garapenaren taldeak, aldiz, produkzioan sakonduko du Salegirekin, Pedro González Rubio aktore eta zinegilearekin, Merinorekin eta Anaïs Desrieux Cinéma du réel eta ParisDOC jaialdien zuzendariarekin.
Oraindik hainbat leku geratzen dira, eta izena emateko epea ekainaren 30ean amaituko da. Bizkor ibili!