Larrotxene Bideok 2016-2017 ikasturtean egindako lanen emanaldia antolatu du ekainaren 30ean, 20:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean. Gidoigintza, ekoizpena, soinua eta irudia, zuzendaritza eta beste hainbat alor landu dituzte ikasleek, eta egindako praktiketatik eratorritako emaitzak izango dira ikusgai emanaldian.

Bideoaldia-Larrotxene-Zinea-03Donostiako Udalaren Donostia Kultura erakundearen bidez, urteak dira Larrotxene Kultur Etxean ikus-entzunezkoekin lotutako egile ikastaroak eskaintzen dituztela. Larrotxene Bideo arduratzen da edukien eskaintza landu eta irakasleak ekartzeaz, eta bereziki Unai Guerra eta Jorge Gil aritzen dira taldea saretu eta dinamizatzen.

2016-2017 ikasturtean, besteak beste, euskal zinemagintzan oso ezagunak diren Pablo Malo, Haimar Olaskoaga, Gaizka Bourgeaud, Jose Mari Goenaga, Laurent Dufreche, Marian Fernández, Sonia Pacios, Mitxel Gaztanbide, eta Gil eta Guerra arduratu dira ikastaroak eskaintzeaz, eta Gidoigintzaren hastapenak, Nola mugitu zure laburra, Muntaketaren teoria, Ekoizpena, Zinema-zuzendaritza, Zinemaren lengoaia eta Irudia eta Soinua bezalako gaiak landu dituzte.

Teoria ez ezik, ikasitakoa praktikara ere eramaten dute ikasleek, eta nork bere alea jarrita, film laburrak eta dokumentalak aurkezteko moduan izaten dira urte amaieran. Bada, lanok datorren ekainaren 30ean, ostirala, Donostiako Antzoki Zaharrean egingo duten XXIX. Bideoaldian eskainiko dituzte, 20:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da, lekuak bete arte.