Gidoien idazketarako laguntza jaso duten proiektuak haiek ekoizteko interesa izan dezaketen ekoizleen aurrean aurkezteko, Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak eta IBAIA Ikus-entzunezko Euskal Ekoizle Burujabeen elkarteak antolatuta, VI. Gidoi Ingurua saioa egingo dute ekainaren 27an, asteartean, Donostiako PIA eraikinean (Zuatzun).
Zinemagintzara bideratutako diru-laguntzen egitura aldatu duela iragarri zuen ekainaren 7an Eusko Jaurlaritzak, eta bertan, gidoien garapenerako laguntza jasotzen duten proiektuen eta ekoizpenera igarotzen direnen artean lubaki moduko bat dagoela azpimarratu zuen Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak. Horregatik, proiektuen garapenerako babesa eskuratzen duten ekoizpen etxeek jasotako kopuruaren % 40 gidoia lantzera bideratuko beharko dute aurrerantzean.
Dena den, duela hainbat urtetik, muga moduko hori gainditzen laguntzeko Gidoi Ingurua saioa antolatzen dute Gidoigileen Elkarteak eta IBAIAk, eta aurten seigarren edizioa egingo dute, ekainaren 27an. 10:00etan hasita, 2016an gidoiak sortzeko laguntza jaso zuten zortzi proiektuak aurkeztuko dituzte egile amateur zein seniorrek:
- Flashback: Maitasun historio baten hastapenetan (Aitor Gametxo Zabala)
- Ihesean (Maialen Igartua Arcellus)
- El tesoro de Lehman (Ana Hormaetxea Ibarbengoetxea)
- Ane eta Pierre (Lara Izagirre Garizurieta)
- El sonido del crack (Olatz Retegi Aurre)
- B-71 (Jon Urraza)
- Wifire Camp (Beatriz Iso Soto)
Aurkezpenok entzuten izango dira interesatutako euskal ekoizleak (aurretik izena eman behar da), eta ostean, solasaldia egingo dute Joxe Portela IBAIAko presidenteak, Asier Guerricaechebarria HEGEPko presidenteak eta Joxean Muñozek. Azken honek laguntzen egituran egin dituzten aldaketen berri emango du, ekoizle eta gidoilarien arteko kolaborazio sustatzeko helburuarekin planteatutako egokitzapenetan arreta jarrita.