Eric Baudelairek Xavier Wrona arkitektoarekin lankidetzan diseinatutako Ramón Raquello eta bere orkestraren musika erakusketa Tabakaleran izango da ikusgai ostiraletik, ekainak 23, aurrera. Oinarrian Orson Wellesek 1938an egin zuen irratiko obra ezaguna dago, eta artistaren filmak, collageak eta grabatuak, baita performance instalazioak ere, bilduko ditu esposizioak.
Errealitatearen eta fikzioaren arteko konbergentzia, eta hitzen eta irudien arteko elkar-eraginetik sortzen diren talka arriskutsu bezain emankorrak islatzen dira Baudelairek gurean jarriko duen tamaina handiko lehen bakarkako erakusketan. Bertan, “albiste faltsu” deiturikoen adibide bat erakutsi nahi izan du, eta horretarako, Orson Wellesen War of the Worlds (1938) irratirako obran entzuten zen Ramón Raquello orkestra zuzendariaren musika izan du gogoan; izan ere, estralurtarren inbasio bati buruzko azken albisteak emateko, etengabe eteten zuten Raquelloren musika irratsaio hartan.
Erakusketan zinegilearen bi lan berrienak (2017an estreinatutako Also Known as Jihadi eta 2014ko The Secession Sessions) ere eskainiko dituzte, eta hainbat grabatu, irudien collage eta performance uztartuko dira.
Erakusketa ekainaren 23an, ostirala, zabalduko dute, iluntzeko 20:00etan, eta sarrera librea izango da urriaren 13ra arte. Horrez gain, Baudelairen eta Anna Colin komisario eta erakusketako testuen sortzailearen arteko solasaldia egingo dute hilaren 24an, larunbata, 12:00etan. Uztailetik irailera, halaber, hilean bi asteazkenetan, erakusketara bisita/solasaldiak egingo dituzte. Informazio gehiago behar izanez gero, jo Tabakaleraren orrialdera.