Iberiar penintsulako eta Latinoamerikako zinema Erresuma Batuan, eta bereziki Eskozian, zabaltzea helburu duen CinemaAttic plataformaren bidez, 2016ko Kimuak katalogoan ikusgai izan ziren zazpi laburrak eskainiko dituzte gaur, ekainak 16, Edinburgon. Atzo, halaber, animazioari eskainitako saioa egin zuten.
CinemaAttic plataformak Euskadiko Filmategiarekin, Etxepare Euskal Institutuarekin eta Kimuak katalogoaren kudeatzaileekin elkarlanean, euskal zinema Eskozian eskaini eta zabaltzeko ekimenak antolatu ditu 2011z geroztik. Aurten ere bi eguneko egitaraua prestatu dute:
Atzo, ekainak 15, UniKo estudio bilbotarreko Khris Cembe gonbidatu zuten Edinburgoko College of Art – University of Edinburgh-era, bertako ikasleei masterclass bat ematera. UniKok orain arte beste inork lortu ez duena erdietsi du aurtengo Goya sarietan: animaziozko film labur eta film luze onenaren garaikurrak gau berean.
Gaur, aldiz, 2016ko Kimuak katalogoko filmak eskainiko dituzte Kimuak Edinburgh: Best of the Basques saioan, eta Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren Renovable, Alejandro Díaz Castañoren Ihesa, Kepa Sojoren Hileta, Maria Elorza eta Maider Fernandez Iriarteren Gure Hormek, Asier Urbietaren False Flag, Mikel Ruedaren Caminan eta Begoña Vicariok koordinatutako taldeak osatutako Beti Bezperako Koplak lanak izango dira ikusgai. Bi emanaldi egingo dituzte: 20:00etan eta 11:54an.