Madrilgo Espacio Fundación Telefónican hainbat hilabete egin ostean, Pablo Llorca Zinemaren Historiako eta Argazkigintzaren Historiako irakasleak komisariatutako Hitchcock, suspentsetik haratago erakusketa Donostiako San Telmo Museora heldu da. Urriaren 1era arte, zinegile britainiar ezagunaren fotograma handituak, ikus-entzunezkoak, storyboardak eta beste hainbat material izango dira ikusgai.

Hitchcock-Erakusketa-San-Telmo-Zinea

Alfred Hitchcock (1899-1980) zinemaren historiako izen potolo horietako bat da, eta erakusketa honen bidez, bere filmografiaren errepaso lineala egin beharrean, haren funtsezko gakoak ulertzeko baliabideak emango zaizkio bisitariari. Hala, zinegilearen alderdi pertsonalagoa, baita ikuspegi komertziala eta haren estiloaren giltzarriak, erakutsiko dituzte urrira bitarte Donostiako San Telmo Museoan ikusgai izango den erakusketan.

Esposizioa bost ataletan banatuta dago:

  • Sarrera: Hichcocken biografiaren eta filmografiaren errepasoa, haurra zenetik zinemagatik sentitu zuen lilura islatzeko.
  • Hitchcock ukitua: Zinegilearen alderdi teknikoen inguruko atala, hala nola, irudien gainjartzeak, mantsotzeak, musika… nola erabiltzen zituen ezagutzeko.
  • Emakumeak eta gizonak: Britainiarraren film askoren oinarrian zegoen gizon eta emakumeen arteko pasioa erakusten duen atala.
  • Garaia, artea eta arkitektura: Bizi izan zen garaiko ezaugarri artistikoen eta kulturalen jakitun zen zinegilea, eta horrek bere zineman eragin zuen.
  • Tramaren ifrentzua: itxurak eta trikimailuak: Ikusleak engainatzeko erabiltzen zituen trukoak erakutsiko dituen atala.

Telefónica Fundazioak eta Llorcak prestatutako erakusketa Madrilen izan zen ikusgai 2016 eta 2017 artean, eta lekuz aldatzen duten aurreneko aldia izango da honakoa. Gainera, hainbat elementu berri izango ditu, tartean, zuzendariaren hastapenetako filmen fotogramak, eta bere senitartekoek zinegileari buruz grabatutako bideoak.

Horrez gain, Hichcocken Spellbound (1954), Rebeca (1940), Vertigo (1958), Psycho (1960) eta The Birds (1963) filmak proiektatuko dituzte udan zehar. Egitarau osoa duzue hemen.