Estreinaldiak: Ekainak 16

Cartas da guerra (Cartas de la guerra)

Ivo Ferreira portugaldarraren opera prima iazko Berlingo jaialdian lehiatu zen, Sail Ofizialean, eta António Lobo Antunes idazle ezagunaren eleberrian du oinarria. 1971 eta 1973 urteen artean, Angola Portugalen menpeko kolonia zen garaian, bertara joan zen soldadu batek haurdun zegoen emazteari bidalitako gutunak biltzen ditu 2005ean argitaratutako literatur lanak. Istorioa Lobo Antunesen esperientzian oinarritutako dago, hura ere sendagile moduan joan baitzen gerlara. Idazle izatearekin amesten zuen, eta bidalitako gutunetan bere ideologia politikoa agerian uzten duten gogoetak, emaztearenganako maitasuna eta herrimina ageri dira. Berregindako gertaeren gainean off-eko ahots batek irakurriko ditu gutunak filmean.

Paris Can Wait

Francis Ford Coppola zinegile laudatuaren emazte Eleanor Coppolak zuzendutako komedia erromantikoa da, ostera, Paris Can Wait road movie-a. Anne zinema ekoizle arrakastatsu batekin ezkonduta dago, eta Cannesko zinema jaialdian egun batzuk igaro ostean, Parisera joan beharko du. Belarriko infekzio bat tarteko, ez du hegazkinik hartu nahiko, eta horren ordez, senarraren lankide Jackekin egingo du bidaia autoan. Baina zazpi orduko ibilaldia espero baino gehiago luzatuko da, Jackek gastronomia eta kultura frantsesa erakutsi nahiko baitizkio. Diane Lane, Alec Baldwin eta Arnaud Viard dira filmeko aktore nagusiak, eta istorioa zuzendariak berak bizitako bidaia batean oinarrituta dago.

Señor, dame paciencia

Aste honetan, bestetik, bi komedia zoro topatuko ditugu karteldegian. Batetik, Álvaro Díaz Lorenzok idatzi eta zuzendutako Señor, dame paciencia espainiarra. Jordi Sánchez, Megan Montaner, Eduardo Casanova, Antonio Dechent, Silvia Alonso, Paco Tous, Salva Reina eta Diego París, besteak beste, dira filmeko aktore nagusiak. Gregorio Madrilgo bankari kontserbadorea da. Emaztea bat batean hilko zaio, eta azken borondatea idatzita utziko du: familia osoa Sanlúcar de Barramedara joan beharko da eta bere errautsak bertan zabaldu. Baina emaztearen eskaera ez da horren erraza izango, Sandra alaba Gregoriok jasan ezin duen Jordi katalanarekin ezkonduta dagoelako, Alicia alaba Leo hippyarekin irteten ari delako, eta Carlos seme gazteenak jatorri euskalduna duen mutil senegaldarra ekarriko duelako.

Baywatch (Los vigilantes de la playa)

Eta 90eko hamarkadako Baywatch telesail mitikoaren pantaila handirako egokitzapena da bigarrena. Kasu honetan, Dwyane Johnson, Zac Efron, Alexandra Daddario, Kelly Rohrbach eta Ilfenesh Hadera ikusiko ditugu Kaliforniako hondartzetan lanean, bainujantzi gorria soinean. Johnson Mitch Buchannon izango da, sorosle-buru saiatu eta langilea, eta Efronek gorpuztutako kide arroputz berria helduko denean, bere lana zaildu egingo da. Indarrak batu eta badiaren etorkizuna arriskuan jarriko duen tramaren aurka borroka egin beharko dute, ordea. Espero zitekeena baino eskasagoa omen da proposamena.

I Am Not a Serial Killer

Billy O’Brien irlandarraren beldurrezko thrillerrak Sitgesko jaialdiko Panorama Saileko film onenaren garaikurra irabazi zuen iaz, eta Erresuma Batuko zinema independentearen BIFA sarietan ere hainbat kategoriatan proposatu zuten. John Wayne Cleaver serieko hiltzaileekin itsututa dagoen nerabea da. Ingurukoekin harremak sortzeko zailtasunak ditu, baina bere esku dagoen guztia egingo du serieko hiltzaile ez bilakatzeko. Herrian bertan hainbat hilketa odoltsu gertatu direla jakingo duenean, hiltzailearen bila abiatuko da John. Max Records gazteak antzeztuko du filmeko protagonistaren papera.

La mujer del animal

Aitaren beldur, mojen etxetik ihes egingo du Amparok, eta bere ahizparengana joango da, Medellíngo auzo bakartu batera. Bere koinatuak Libardo lehengusuari aurkeztuko dio gaztea, eta hark ezingo du Amparo burutik kendu. Horregatik, ezkontza-erritu batean bahituko du eta bere etxean bizitzera behartuko du, Animaliaren familiarekin. Ingurukoek ez dute ezertxo ere egingo Amparori laguntzeko, Libardok izututa baititu, eta Amparok neskatila bat izango du. Bere helburu bakarra zikloarekin amaitzea izango da, alabak ihes egin dezan. Víctor Gaviria kolonbiarraren lanak Habanako zinema jaialdian ikusi zuen argia iaz, eta aurtengo Malagako jaialdian zuzendaritza eta muntaia onenaren garaikurrak eskuratu ditu.

Chavela

Chavela Vargas musikari mexikar arrakastatsuari buruzko dokumentala aurkeztuko dute, halaber, Catherine Gundek eta Daresha Kyik. Abeslariari egindako elkarrizketak, baina baita haren hurbilekoei, bikotekideei eta garaiko musikariei egindakoak ere, bildu dituzte dokumental goxo eta hunkigarrian.

Júlia ist

Elena Martín zinegile katalanak Julia gazteari buruzko filma osatu du, baita pertsonaia bera gorpuztu ere, karrera amaierako lanetik abiatu zen filmean. Julia Berlinera joango da Erasmus bekaren bidez, eta 21 urterekin, bere burua uste zuena baino gutxiago ezagutzen duela ohartuko da. Alemanaian, bakarrik eta zer egin ez dakiela, bizitza berri bat eraikitzen hasi beharko du Juliak. Martínen eta bere ikaskideen esperientzietatik sortu da filma.

While the Women Are Sleeping (Mientras ellas duermen)

Javier Mariasen eleberriaren egokitzapena egin du Wayne Wang zinegile japoniarrak. Turismoko gune batean bizi den idazleak emakume gazte baten eta gizon heldu baten arteko harremana adi-adi jarraituko du. Drama psikologiko beltz honetan hartu dute parte Takeshi Kitano, Shiori Kutsuna, Hidetoshi Nishijima eta Sayuri Oyamada aktoreek.

Ignacio de Loyola

Paolo Dy eta Cathy Azanzak gidatu dute Filipinetatik helduko zaigun lana, elizgizon bilakatu zen militar gipuzkoarraren istorioa. Iruñeko defentsan borrokan ari zela, zauritu egin zuten 1521ean, 30 urte inguru zituenean, eta ohean egon zen bitartean erlijio-liburuak irakurtzen hasi zen. Pixkanaka, Santu bilakatu nahi izan zuen, eta ingurukoen zein bere buruaren sinesgogortasunaren aurka borroka egin behar izan zuen, gaur egun mundu osora hedatu den eta eragin handia duen Jesusen Lagundia sortzeko.

Cosecha Amarga

George Mandelukek zuzendutako film kanadarra 30eko hamarkadako Ukrainiako genozidioan girotuta dago. Yuri artista gazte kosakoak bere maitale Natalka salbatu nahiko du Armada Gorria herrialdean sartu eta milioika herritar erailtzen hasiko denean.

Pet (Animal de compañía)

Carles Torrensek, bere aldetik, Sitgesko jaialdiko gidoi onenaren garaikurra lortu zuen iaz maitasunari buruzko thriller ilun honekin. Seth eta Hollyk uste baino gauza gehiagotan egiten dute bat, eta maitasunagatik edozer egiteko prest egongo dira.

Anna’s Life

Eta asteko azken estreinaldia Georgiatik helduko da. Anna 32 urteko emakumea da, eta autismoa duen seme bat du. Ameriketara joan nahi du bizimodu hobeago baten bila, eta horretarako, etxea salduko du diruarekin bisa faltsu bat eskuratzeko. Nino Basiliak idatzi eta zuzendu du filma.