María José Cantudo aktore eta ekoizle andaluziarra da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 28. Asteko karteleko protagonista. Gaur bertan egin dute irudiaren eta jaialdiaren edizio berriaren aurkezpena, eta bertan izan dira Josemi Beltran jaialdiko zuzendaria eta Cantudo bera. Pedro Usabiagak egindako argazkiarekin osatutako kartela erakutsi dute, eta andaluziarra oso pozik azaldu da kolaborazioarekin.
70eko hamarkadako beldurrezko zinema espainiarrari eta garai bereko banpiroen filmei omenaldia egiteko gogoa zuten Beltranek eta Usabiagak. Horretarako, El espanto surge de la tumba (Carlos Aured, 1973), Las alegres vampiras de Vogel (Julio Pérez Tabernero, 1975) eta El huerto del Francés (Paul Naschy, 1977) bezalako filmetan aritutako Cantudo aktorearekin jarri ziren harremanetan, eta dekorazio berezirik behar ez zuen Irungo etxe batean sortu zuten 28. edizioko kartela osatzeko behar zuten giroa.
Usabiagaren hitzetan, “Hammer ekoizpen etxeko banpiro bat bailitzan erakutsi nahi izan dugu Cantudo, Transilvaniako banpiro-erregina baten antzera, Crépusculo (Catherine Hardwicke, 2005) sagako banpirotxoak diruditen bi gaztetxori kosk egin berritan”.
Cantudo bera gustura azaldu da irudiarekin, taldea oso atsegina zelako eta oso eroso sentitu zelako, eta beldurrezko generoa asko gustatzen zaiola aitortu du.
Emakumeen filmak
Gainera, urriaren 28tik azaroaren 3ra luzatuko den edizio berrian, beldurrezko generoa landu duten emakumeen filmak eskainiko dituztela adierazi du Beltranek, Emakume zinegileen erasoa atzera begirako zikloan. Karyn Kusama, Jennifer Kent, Jen eta Sylvia Soska, Ana Lily Amirpour, Julia Ducornau eta Anna Biller bezalako zinegile garaikideen lanak izango dira ikusgai, baina baita 80ko eta 90eko hamarkadetan beldurrezko ekoizpenak zuzendu zituzten Amy Jones, Kathryn Bigelow, Mary Lambert eta Fran Rubel Kuzuiren lanak ere.
“Andrazkoek zuzendutako geroz eta film gehiago topa ditzakegu beldurrezko generoan, baina goraldia ez da berria, eta hori frogatzeko hainbat film klasiko ere eskainiko ditugu atzera-begirako zikloan”. Lanok diskurtso oso interesgarria dutela gaineratu du Beltranek.
Argazki erakusketa
Horrez gain, Usabiagak komisariatutako argazki erakusketa ere jarriko dute Okendo Kultur Etxean urriaren 28tik abenduaren 9ra. Espainiako beldurrezko zineman lan egindako antzezleen irudiak izango dira, tartean, Ágata Lys, Soledad Miranda, Ewa Aulin, Inma de Santis, María José Cantudo bera eta Chris Mitchum.
Lanak bidaltzeko epea zabalik!
Azkenik esan, bihar, ekainak 15, zabalduko dutela filmak jaialdira bidaltzeko epea, eta bi hilabetez egongo dela zabalik, abuztuaren 15era arte. Sariak bere horretan mantentuduko dituzte. Informazio gehiago behar izanez gero, sartu jaialdiaren atarian.