Zuzendaria: Andrei Konchalovsky
Urtea: 2016
Herrialdea: Errusia
Demagun gure ekintzek beti ondorio bat sorrarazten dutela; akzio erreakzioaren legea, Newton. Esan dezagun mundua hondoratzen ari dela, haustura bat jasaten ari dela. Ezagutzen dugunak ez duela dagoeneko baliorik, egunerokotasunak zentzua galtzen duela, ongiaren eta gaizkiaren arteko muga erlatiboak are erlatiboagoak bilakatu direla.
Zer egingo zenuke kasu horretan, denak balio duen garai batean? Horrela deskribatzen du Andrei Konchalovskyk II. Mundu Gerrako Europa. Zinta epikoa filmatu ordez, istorio intimista txikien bitartez garraiatuko gaitu Europa zaharkitu eta galduan zehar. Garai gatazkatsua oso, historia modernoak bizi izan duen momenturik gordinenetakoan kokatuko ditu istorio honen protagonistak izango direnak.
Ispiluaren aurrean jar zaitez, isiltasunean, zure begietara begiratu zuzenean, eta itxaron, denborak aurrera egin ahala, itxaron. Bizitza begien aurretik pasako zaizu, zorroztasunez aztertu eta argudiatu zer, noiz, nola eta zergatik egin zenuen.
Horrela sentiaraziko gaitu Andrei Konchalovsky zuzendariak Ray izeneko bere azken filmean. Ustezko galdeketa gela batean sartuta ikusiko ditugu pertsonaia batzuk, beraien bizitzaren inguruko zorrak kitatzen, nolabait, edo bizitakoari eta egindakoari zentzua eman nahian. Epailerik gogorrena norbera dela diote, eta hala izaten da gehienetan. Gestalt korronte psikologikoari dagokion ariketa batean egongo bagina bezala, filmak aurrera egin ahala, gure protagonistek beren burua biluzteari ekingo diote, argudioak eta kontra-argudioak plazaratuz, bizitakoaren hausnarketa eginez.
Julia Vysotskaya eta Christian Clauss aktoreek guztiz sinesgarri egin dituzte euren paperak, eta pantaila aurrean erabat biluztuko dira plano ertain gogorren azpian. Protagonisten testigantzek gerrateak sortzen dituen egoeren krudeltasuna deskribatuko digute, eta haien bizitzetan voyeurak bezala murgilduko gara, kontraesanetan eta damuetan eurekin batera galduz.
Printzipio eta ideiengatik borrokatzen ari direla diote, baina biziraupena dago jokoan, eta biziraupena bermatzeko ezinbestekoa duguna, zera da: sena. Senak salbatu ahalko gaitu, bizirauten lagunduko digu. Sena, animaliak garen heinean, oraindik naturarekin lotzen gaituen ezaugarria da. Gizatasunetik hain hurbil eta hain urrun mantendu gaitzakeen nolakotasuna.
Horrelakoa da Ray, batzuen paradisua besteen infernua irudikatuz, gizakiak bere gizatasuna galtzen duenean animalia besterik ez dela erakutsi nahiko digu zuzendariak, eta, hala ere, bizirauteko edozer gauza egiteko prest daudenek mugak badituztela ikusaraziko digu, animaliak garelako; baina zeren truke, noraino edo zergatik?
Kaosaren zurrunbiloan guztiok izan gaitezkeelako maltzurrenak, egoskorrenak, zitalenak, baina bakardadean gaudenean nola egin aurre egindakoari? Gure burua barkatzeko adina trebezia izango al dugu?
https://youtu.be/LUWBi6GL4w0