Zinegile konsagratuak zein Kimuak deialdian aurrenekoz egongo diren profesionalen lanak uztartuko ditu aurtengo Kimuak katalogoak. Atzo bertan, ekainak 12, egin zuten aukeraketa, eta animaziozko lanak, dokumentalak eta fikzioak hautatu ditu epaimahaiak, ahalik eta eskaintza zabal eta ezberdinena osatzeko. Tartean dira Koldo Almandoz, Raúl de la Fuente eta Begoña Vicarioren proiektu bana.
Euskal Herriko film laburren ekoizpen interesgarrienak nazioartean zabaltzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Etxepare Euskal Institutuaren eta Euskadiko Filmategiaren bidez kudeatzen duen deialdiak. Horretarako, urtean zazpi bat lan aukeratzen dituzte, eta haien nazioarteko banaketa beren gain hartzen dute, jaialdi eta sari banaketetara helarazteko.
Edurne Ormazabal EiTBko Arlo Komertzialeko zuzendaria, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria, Tim Redford Clermont-Ferrand Nazioarteko Film Laburren jaialdiko koordinatzailea, Amaia Revuelta Donostia Kulturako zine unitateko teknikaria, eta Millán Vázquez-Ortiz Freak Agentziako zuzendari orokorra atzo, ekainak 12, bildu ziren deialdira aurkeztutako 51 film laburren artean aurtengo Kimuak katalogoa osatuko duten zazpi lanak hautatzeko.
Segidan topatuko dituzue lan bakoitzaren ingurukoak:
- Ab alio
Iñigo Royo eta Iñigo Fernández Ostolaza zuzendariek elkarlanean osatutako fikziozko lana da, Ignasi Aballíren Listados collagea oinarri duena. Royo donostiarraren Requiem eta Inventario lanak 1999ko eta 2000ko Kimuak katalogoetan parte hartu zuten, baina Fernández Ostolazarentzat lehen aldia izango da.
- Aprieta pero raramente ahoga
David Pérez Sañudo zinegile bilbotarrak, Gasteizko Amania Films ekoizpen etxearekin batera, osatu du terrorea eta komedia beltza uztartzen dituen lana. Sigfried izeneko txakur basatia zaintzeko lan-elkarrizketa egitera joango den Daniel da filmeko protagonista.
- Areka
Begoña Vicariok koordinatutako animaziogintzako ikasle, ikasle ohi eta irakasleek osatutako taldeak sortu du lana, Gerra Zibilean desagerrarazitako oroimenez Andoni Egañak egindako bertsoan oinarrituta; iaz Maialen Lujanbioren Beti bezperako koplak bertsotik osatu zuten film labur homonimoa.
- Euritan
Irati Gorostidi eta Arantza Santestebanek zuzendutako Euritan dokumentala, ordea, 1985ean Itxaro Bordak idatzitako Klara eta biok narraziora hurbilduko da. Egileari bere iraganeko hitzen aurrean jartzeko eta euskal nortasunarekiko harreman periferikoaren begirada eguneratzeko eskatuko diote. Sortzaileentzat lehen aldia izango da Kimuak katalogoan.
- For The Good Times
Andrés Daniel Sainz donostiarrak Ramon Agirre, Klara Badiola, Iñaki Rikarte, Itziar Ituño eta beste hainbat euskal aktore ezagun bildu ditu bere bigarren film laburrean. Familiako buruaren urtebetetzea ospatzeko, kide guztiak bazkaltzera gonbidatuko dituzte. Otordua sorpresaz beterik egongo da, ordea.
- La fiebre del oro
Raúl de la Fuentek, bestetik, La fiebre del oro dokumentala osatu du Kanaki Films ekoizpen etxearekin. Zinegile iruindarrak Goya saria eta Oscarretarako hautagaitza eskuratu zituen 2014an Minerita laburrarekin, 2013ko Kimuak katalogoan izan zen lana. Oraingoan, Mozambikeko meatzariengana hurbilduko da, urrea eta gailu elektronikoetarako erabiltzen diren mineralak nola erauzten dituzten aztertzera.
- Plágan
Koldo Almandoz donostiarrak, azkenik, Plágan izeneko film labur dokumentala aurkeztu du deialdira. Gaur egun oso zabalduta dagoen izurri baten gaineko hausnarketa egin du. Zinegilearen bederatzigarren filma da Kimuak katalogoan.