Gaur bertan, ekainak 12, abiatuko dute bideoklip eta film laburren nazioarteko Caostica jaialdiaren XV. edizioa Bilbon. Jasotako 2661 lanen artean, antolatzaileek 45 aukeratu dituzte ekainaren 19ra arte luzatuko den egitarauan eskaintzeko.
Iluntzeko 20:00etan egingo dute Bilborocken XV. Caostica jaialdiaren aurkezpena, eta sarrera doakoa izango da lekuak bete arte, gainerako emanaldietan bezala. Gainera, Mexiko Hiriko Macabro Beldurrezko Film Laburren jaialditik heldutako bost lan eskainiko dituzte.
Datorren astelehenera bitarte, halaber, hiriko areto eta txoko ezberdinetan egingo dituzte emanaldiak, hala nola, Artxandako patinaje pistan, Euskal Museoan, Ercilla kaleko Yimby aretoan, Bilboko Erriberan zein Bizkaia Aretoan. Bertako zinegileen lanak, atzerriko ekoizpenak, EHUko ikasleenak… izango dira ikusgai jaialdian, eta Nahikari Ipiña, Axel Casas eta Iván Miñambresek osatutako epaimahaia arduratuko da sariak banatzeaz. Emanaldien ostean, gainera, musika saioak ere egingo dituzte.
Bideoklipen kategorian, Aitor Oñederrak Loopstache taldearen All I need is you abestiari egindako bideoklipa lehiatuko da, besteak beste, eta animaziozko lanen atalean Begoña Vicariok zuzendutako Beti bezperako koplak izango da. Bideozinema sailari dagokionez, ostera, euskal film gehiago ikusteko aukera izango da: Koldo Almandozen Crisálida, Aitor Gutiérrezen Ulises eta Asier Urbietaren False Flag.
Itxiera ekitaldia larunbatean, hilak 17, egingo dute Artxandako patinaje pistan, eta astelehenean palmareseko filmak eskainiko dituzte La Riberan, 20:00etatik aurrera. Egitarau osoa kontsultatzeko eta jaialdiaren inguruko informazio gehiago izateko, sartu Caosticaren orrialdean.