American Pastoral

Ewan McGregor aktorea kameraren atzean jarri da Philip Rothen eleberri homonimoa pantaila handira egokitzeko: American Pastoral. Iazko Donostia Zinemaldian estreinatu zuen bere opera prima, Sail Ofizialean, eta McGregor bera eta Jennifer Connelly filmeko bigarren protagonista Gipuzkoako hiriburura etorri ziren. Lanak 60ko hamarkadako AEBetara eramango gaitu. ‘Suediarra’ ezizenarekin ezaguna den Seymour Levov arrakasta handiko negozio-gizona da; gaztetan itzal handiko kirolaria izan zen, eta orain enpresa bateko burua da. Auzokoek asko maite dute, bai bera eta baita haren emaztea eta alaba ere. Baina egun batean herriko postetxea zartaraziko dute, barruan postaria zegoela. Eta ekintza horren atzean Merry Levov, Suediarraren alaba, dagoela zabalduko dute hedabideek. Gaztea desagertuta egongo da. Une horretatik aurrera, aita-alaben harremana eta familiaren gainbehera ezagutuko ditugu, flashback eta flash-forwarden bidez.

La mécanique de l’ombre (Testigo)

Thomas Kruithof frantziarraren thrillerrak kritika bikainak jaso ditu nazioartean. Laneko protagonista Duval (François Cluzet) da, arazo ekonomikoak tarteko, lan misteriotsu bat onartuko duen gizona. Izan ere, enpresa ezezagun bateko ordezkaria berarekin harremanetan jarriko da, eta telefono deiak transkribatzeko eskatuko dio. Duvalek lana onartuko du, transkripzioen helburua zein den galdetu gabe. Baina deiak entzun ahala ohartuko da, zerbitzu sekretuen lan egiteko modua oso bortitza dela, eta pixkanaka ezagutzen ari den mundu ezkutu horretatik irten nahiko du. Ez da, baina, horren erraza izango.

Mal de pierres (El sueño de Gabrille)

Marion Cotillard, aldiz, Gabrielle izango da, II. Mundu Gerraren osteko Proventzako landa eremuan bizi den eta benetako maitasuna aurkitzearekin amets egiten duen emakumea. Gurasoek behartuta, José izeneko nekazari espainiarrarekin ezkonduko da, baina Gabriellek ez du gizona maiteko, eta giltzurrunetan dituen harriak tratatzeko Alpeetako bainuetxe batera joango denean, Andrérekin maiteminduko da. Indotxinako gerran zauritutako soldadu frantziarra da André, eta maitasun harreman sutsua abiatuko du Gabriellekin. Nicole Garcíak zuzendutako filma Cannesko jaialdian aurkeztu zuten iaz, eta Frantziako Cesar sarietan hainbat kategoriatan proposatu zuten. Cotillardekin batera aritu dira Louis Garrel, Alex Brendemühl, Brigitte Roüan eta Victoire Du Bois aktoreak, besteak beste.

Pieles

Eduardo Casanova (Aída telesail espainiarreko Fidel) aktore eta zinegile gaztearen lehen film luzea da honakoa, Alex de la Iglesia zinegile eta ekoizle bilbotarraren Pokeepsie Films ekoizpen etxearen bidez produzitutakoa. Berlingo jaialdian eskaini zuten urte hasieran, eta Malagako zinema jaialdiko Sail Ofizialean hartu zuen parte. Ezberdintasun fisiko nabarmenak dituzten hainbat pertsonaren bizitzak kontatuko ditu, istorio ugariz osatutako film korala baita. Guztiek zailtasunak jartzen dizkien eta onartzen ez dituen gizarte-egituran sartzeko ahalegina egingo dute. Candela Peña, Ana Polvorosa, Macarena Gómez, Carmen Machi, Secun de la Rosa, Jon Kortajarena eta beste hainbat aktore espainiar ezagunek hartu dute parte proiektuan.

The Mummy (La momia)

Tom Cruisen berriena, ordea, fantasia eta akzioa uztartzen dituen Hollywoodeko The Mummy blockbustera da. Sofia Boutellak antzeztutako antzinako printzesaren momia lurpetik atera eta hegazkin batean garraiatuko dute. Une horretan, milaka urtez lo egon den momia esnatu egingo da, eta urteetan hazten joan den madarikazioa zabaltzen hasiko da, ukatu zioten hori berreskuratzeko asmoz. Alex Kurtzmanek zuzendu du kritikak zaharkitutako porrot moduan definitu duten lana.

Captain Underpants: The First Epic Movie (Capitán Calzoncillos, su primer peliculón)

Haur, gazte eta heldunetzako animaziozko lan dibertigarria. Jorge eta Berto komikizale amorratuak dira. Ingurukoei txantxak egitea gustatzen zaie, eta egun batean, eskolako zuzendar Krupp jauna hipnotizatuko dute, komikietako Galtzontzillo Kapitaina dela sinetsi dezan. Bada, hala usteko du gizonak, eta barruko arropa eta kapa bat dituela ibiliko da eskolatik. Garai berean, irakasle berri bat helduko da ikastetxera, zientzialari maltzur eta mendekatia, eta Jorge, Berto eta Galtzontzillo Kapitainak haren aurka borroka egin beharko dute. David Sorenek zuzendu du DreamWorks Animation etxearen proposamen berriena.

Raid dingue (Una policía en apuros)

Eta Frantziatik helduko zaigu asteko komedia zoroa: Dany Boonek zuzendutako Raid dingue. Johanna Pasquali iniziatiba handiko polizia traketsa izango da. Lankideek asko maiteko dute, baina kasu errazak soilik emango dizkiote, Pasquali agentea arriskutsua baita haientzat, eta baita herritarrentzat ere. Berak, ostera, ez du amore emango, eta gogor prestatzen jarraituko du eliteko RAID taldean sartzeko. Alice Polek, Dany Boon zuzendariak berak, Michel Blancek eta Yvan Attalek, besteak beste, osatu dute filmeko aktore taldea.

https://youtu.be/3mAz2TnJInM

Pàtria

Joan Frank Charansonneten drama historikoak Kataluiniaren sorrera eta Otger Catalóren kondaira izango ditu hizpide. Boris Ruiz, Miquel Sitjar, Miquel Gelabert, Joan Massotkleiner, Angels Bassas eta Ali El Aziz aktoreek hartu dute parte proiektuan. Lehen film epiko katalana bezala aurkeztu dute.