Kristonkino kolektiboaren ekimenez, film laburrei merezi duten ikusgarritasuna emateko mostra ibiltariaren lehen edizioa egingo dute aurtengo udan Donostian. Donosskino ez da jaialdi lehiakorra izango, zinema pasioz bizi duten ikusle eta sortzaileen arteko topagunea baizik, eta hiriko hainbat guneri erabilera berria emango die. Gainera, haurrentzako tailerrak antolatuko dituzte El Sekadero eta Kutxa Kultur Gelekin elkarlanean.

Donosskino-Mostra-zinea-04

Jaialdiaren xehetasunak datorren ostegunean egingo duten agerraldian azalduko badituzte ere, Kristonkino ikus-entzunezko kolektiboak lehen Donosskino jaialdiaren datak aditzera eman ditu jada: uztailaren 6tik 8ra. Domo geodesiko egitura izango da zinema areto nagusia, eta Gipuzkoako hiriburuko Blas de Otero plazan kokatuko dute, barruan emanaldiak egin ahal izateko.

Kolektiboak gisako hainbat emanaldi antolatu ditu aurretik, hala nola, Donostiako suhiltzaileen egoitza zaharrean egin zuten Kristonkino Rooftop saioa. Zozketa bidez banatu zituzten gonbidapenak, eta ikusleek bertako zein atzerriko film laburrez gozatzeko aukera izan zuten, formatu berritzaile batean.

Donosskino jaialdiaren helburua, halaber, hiru eguneko festa zinematografiko bilakatzea da, zinemaren kontsumo soziala sustatzeko eta oharkabean igarotzen diren formatuei lekua egiteko. Gainera, sektoreko profesional garrantzitsuak batuko dira ekimenera, eta epaimahaiak hainbat sari banatuko ditu proiektatutako lanen artean.

Zinemakido-Donostia-Zinea-02Haurrentzako ikastaroak

Emanaldiez gain, haur eta gazteentzako bi ikastaro ere eskainiko ditu jaialdiak. Zinemakiddo izenpean, interpretazio eta errodaje tailerrak egingo dituzte sei eta hamar, eta zortzi eta hamabi urte arteko gaztetxoentzat, hurrenez hurren. Interpretazio tailera ekainaren 26tik 30era egingo dute, Tabakalerako laugarren solairuan, 9:00etatik 14:00etara. 70 euroko kostua du, eta plazak mugatuak izango dira.

Errodaje tailerra, ostera, ekainaren 28tik 30era egingo dute, leku eta ordu berean, baina prezioa 30 eurokoa izango da. Azken egunean bi film labur errodatuko dituzte ikasleek, eta uztailaren 8an, Donosskino jaialdian, eskainiko dute emaitza. Izen-ematea zabalik da jada.