Montxo Armendariz zuzendari nafararri emango diote aurten Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien saria.  20.000 euroko ordainsaria jasoko du sortzaileak, udazkenean Donostiako Miramar jauregian ospatuko den ekitaldi ofizial batean.

montxo-armendariz2

1995an banatu zuten aurrenekoz errekonozimendua, eta eremu desberdin askotariko profesionalak omendu ditu urteotan. Besteak beste, Julio Caro Baroja antropologo eta historialaria, Mariasun Landa idazlea eta Javier Elzo soziologoa. Aitortza hau jasoko duen lehen zinema sortzailea izango da Armendariz, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidenteak azaldutakoaren arabera “bere lan askotan Euskal Herriaren alderdi bisualak, kulturalak eta etnografikoak islatu” eta, aldi berean, “tokiko esparrutik haratago joan diren istorioak” landu dituelako. “Azken 30 urteetako funtsezko zinema zuzendarietako bat da”, azpimarratu du.

Filmografia luzea ez duen arren, prestigio eta ibilbide handiko filmek osatzen dute bere jarduna. Film labur eta lan dokumental batzuetan aritu ostean, Elias Kerejetaren eskutik egin zuen salto fikzio luzeen mundura eta 1984an Tasio filma zuzendu zuen. Ondoren, 27 horas (1986) eta Las cartas de Alou (1990) iritsi ziren eta horiekin batera lehen aitortzak, izan ere, bi pelikulak sarituak izan ziren Donostia Zinemaldian.

Olletan (Nafarroa) jaiotakoa, lotura estua izan du beti bere lurrarekin eta bere ibilbidea osatzen joan diren zenbait filmetan ikusi daiteke hori: Secretos del Corazón (1997) eta Obaba (2005), esaterako. Azken lanetan, gai historiko zein sozialak landu izan ditu ere: Historias del Kronen (1994), Silencio roto (2001), La guerrilla de la memoria (2002), Escenario móvil (2004). 2011 urtean estreinatutako No tengas miedo da bere azken obra.

Eusko Ikaskuntzak egindakoa Armendarizi lehenago iritsi zaizkion beste zenbat errekonozimenduen zerrenda oparoari batuko zaio. Lehenago aipatutako Donostiako Zinemaldiak emandakoez gainera, Vianako Printze Saria (1998), Espainiako Zinema Sari Nazionala (1998) eta Eusko Ikaskuntzak berak banatzen duen Manuel Lekuona Saria (2008) jaso ditu ere.