the-lost-city-of-z-0Zuzendaria: James Gray

Urtea: 2016

Herrialdea: AEB

XX. mendearen hasiera da. Percy Fawcett (Charlie Hunnam) britainiarra Amazonas oihanean murgilduko da erronka batekin: oihanaren bihotzean omen dagoen aintzineko herri bat topatzeko, inork aurkitu ez duena. Herri horren existentzia bera zalantzan jarriko dute Europan, kondaira huts baten parte delakoan, eta, horrexegatik, jendaurrean lotsagarri utziko dute Fawcett behin baino gehiagotan. Fantasia bat obsesio bihurtu duelakoan daude. Aurreiritziak aurreiritzi, esploratzailea Hego Ameriketara abiatuko da arrisku guztiei aurre egiteko prest, herri galdu horren bilaketan ehundaka pertsona hil direla jakinda ere.

Abenturazaleentzako pelikula bat da. Bi ordu baino gehiago irauten du, erritmo geldoa du zenbaitetan, baina pertsonaia nagusiaren grinak adi-adi mantenduko gaitu. Ez da ezuste gehiegirik gertatuko, trama bi ardatzen bueltan ibiliko baita (misioa bera eta familia), baina, hala ere, entretenigarria suerta daiteke, elkarrizketen eta hausnarketen kutsu poetikoa eta argazkiaren handitasunari zor.

Benetako pertsonaia-gertaeretan oinarritutako pelikula bat da. Hortaz, 140 minutuak nola bukatuko diren jakitea ez da garrantzitsuena izango, jakina baita hori. Bizitzan bezala, helmuga ez da garrantzitsuena kasu honetan, bidea baizik. Horregatik, James Grayk arreta handia eskaini dio formari, estetikari, eta horrek Fawcettekin bidaiatzeko aukera eskainiko digu lehen unetik. Esploratzaile britainiarrak Amazonaseko herri galdu hori existitzen dela sinestaraziko dio azkenean munduari, eta hori izango da bere lorpenik handiena, benetako aurkikuntzen gainetik. Obsesio puntu bat dario pertsonaiari, baina ilusio mugagabea ere, eta azken hau izango da ikusleari iritsiko zaiona, zuzendariak hala erabakita, Charlie Hunnamen lan zuzenak lagunduta.

Eta abenturaz ari garela, nire abenturaren amaieraren berri emateko unea iritsi zait, zine kritikari ibilbideari dagokionez. Duela urtebete ekin nion bideari zinea.eus atari honi esker, eta, Fawcett izatetik urruti egon arren, paraje eta pertsonaia desberdinak ezagutzeko eta bizipen ugari bizitzeko aukera izan dut neuk ere: Salas herrira egin dut bisita, bertako herritar entzutetsuaren eskutik; Los Angeles hirian maitemindu egin nintzen, baita dantzarekin eta jazzarekin adiskidetu ere; Suitzako bainuetxe aztoragarri batetik bizirik irtetzea lortu dut, ingurune miresgarri batek harrapatu eta gero; Rosalie Blum eta bere lagunekin harremana dut oraindik, detektibeetara jolasteko bada ere; jaungoikoaren barkamenaren zain nago, polizia mespretxagarrien lana goraipatzeagatik; itsas bidaia egin dut Hendaiako kostaldetik Manchesterreko ur handietara, pedalo gainean tarteka; juduekin eta gangsterrekin hartu dut kafea, Hollywooden beste geldialdi bat eginda; gazte garaiko hiru oroitzapenekin hasi nintzen, eta ehundaka souvenir ditut orain gogoan… Bistan da urtebetek askorako ematen duela, denbora ziztu bizian igaro ohi delako; IsabEllentzat izan ezik, hori bai.

Niretzat amaitu da, baina abenturak aurrera jarraituko du kritikari berriarekin. Paraje, pertsonaia eta bizipen berriak etorriko dira, Mikel Zumeta hondarribiarraren eskutik. Bidaia on!