Zuzendaria: Jordan Peele

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Gazte beltz bat bere bikote zuriaren familia diruduna ezagutzera doa. Chrisek eta Rosek (Daniel Kaluuya eta Allison Williams) uste dute unea iritsi dela aita-amaginarrebak (Bradley Whitford eta Catherine Keener) ezagutzeko, eta asmo horrekin joango dira haien etxera asteburua igarotzeko. Hasiera hasieratik, Chris ez da eroso sentituko Roseren gurasoekin, eta, orduak igaro ahala, deserosotasuna areagotu egingo da.

Låt den rätte komma in (Tomas Alfredson, 2008) film aztoragarri zein ederrari –Let the Right One In ingelesez eta Déjame entrar gazteleraz- etxeko atea zabaldu eta harrera bikaina egin genion joan den hamarkadan. Get Out dator orain, Déjame salir, eta, esaldiaren atzean erregu bat ezkutatu arren, ez gara zinema aretoan sartzeaz damutuko, ezta gutxiagorik ere.

Izenburutik harago, Suediako pelikula gogoangarri harekin lotura gutxi du Jordan Peele zuzendariaren lanak, baina, hala ere, trama fresko eta originala izanagatik, aintzat hartzea merezi du. Hain zuzen ere, abiapuntu indartsua du, garapenak adi-adi mantentzeko nahikoa eduki ditu eta amaierak ez du aurreko guztia alferrik galduko, azken txanpan originaltasunak berea egin arren. Beldurrezko pelikula bat izateko -hala izendatu dute- biribila dela esango nuke. Joan den asteko kritikan halako zerbaiten faltan nuela adierazi nuen, generoari dagokionez. Bada, esan eta etorri. Hemen dago eskatutakoa.

Pertsonaiak ondo eraikita daude, gehiegizko nabarmenkeriarik gabe, eta horrek asko lagundu du tentsioa mantentzeko garaian. Ikara sortu nahi duenean, ikara sortuko du zuzendariak; eta algarari tartea utzi nahi dionean, algara etorriko da. Mugak ondo zaindu ditu Peelek, eta, karikaturarik badago, zuzendariak hala egin nahi izan duelako izango da, inolaz ere gabezia eta utzikeriagatik.

Hau guztiarekin batera, filmak mezua dakar besapean; arrazakeriaren gatazka baino haragokoa, gainera. AEBtako gizartearen zati bat irudikatuko du zuzendariak, eta, erradiografia horretan, garbi utziko du arriskua edonon egon daitekeela, Trumpen jarraitzaile ez direnen komunitateetan ere.

Peeleren lehen film luzea da hau, eta, erakutsitako dohainak ikusita -Peelek berak idatzi du gidoia-, gehiago etorriko dira, are eta gehiago lan honekin lortutako etekin ekonomikoa aztertuta: 5 milioi dolar balio izan du ekoizpenak, eta 200 milioi dolar baino gehiago bildu ditu dagoeneko. Bistan da zinema industriak ez diola ihes egiten utziko, zuzendariak sortutako zurrunbilotik irteteko asmoa izan ala ez.