Olatz González Abrisketaren eta Jorgen Lethen Pelota II dokumentala aurkezteko saioak egingo dituzte datozen egunetan Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Logroñon. Lana iazko Donostia Zinemaldian estreinatu zuten, eta Lethek berak 1983an aurkeztu zuen Pelota filma du oinarrian, oraingoan pilotak aukeratzeko prozesuan arreta jarri badute ere.
Leth zinegile eta poeta daniarrak pilotaren inguruko dokumentala osatu zuen 1983an, kirolaren arauak eta ezaugarriak aztertzeko. Ez zituen soilik pilotari ezagunak elkarrizketatu, baita kale eta plazetan jokatzen duten jokalariak ere. Jokoaren testuingurua eta igortzen dituen emozioak erakutsi nahi izan zituen, Euskal Herriko istorio propioak.
Film haren jarraipena den Pilota IIren kasuan, ostera, González Abrisketak pilotaren aukeraketa prozesuan jarri nahi izan du arreta. Izan ere, “pilota izaki bizia da. Guztiak ezberdinak dira eta arretaz entzun behar ditugu elkarrengandik bereiztu nahi baditugu”, azpimarratu du filmaren sinopsian. Lehen atalaren estetika detaile etnografikoen muturreraino eraman nahi izan du hala.
Filma Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean eskani zuten iaz, eta orain, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Logroñon aurkeztuko dute, González Abrisketa bera eta pilotaren alorreko hainbat pertsona ezagun bertan direla. Egutegia:
- Maiatzak 26, Logroñon 19:45ean
- Maiatzak 27, Donostian 20:00etan
- Maiatzak 29, Bilbon 19:45ean
- Maiatzak 30, Gasteizen 19:45ean