Tres Mentiras (Ana Murugarren, 2014), Argi (Iratxe Mediavilla, 2015) eta La Higuera de los Bastardos (Ana Murugarren, 2017) bezalako filmen zuzendaritza atalean lan egindako Violeta Trincado Zacarias film laburra errodatzen ari da egunotan Bilbon. Mario Pardo, Mikel Losada eta Ylenia Baglietto dira filmeko aktore nagusiak, eta Blogmedia Bilbao ekoizpen etxearen babesa du proiektuak.
Zacarias eskaleak, enpresa gizon batek eta taxilari batek auto-istripua izango dute Bilbo erdigunean. Unean bertan hilko da Zacarias. Baina denboran atzera, hiru pertsonaien istorioak ezagutzen joango gara, eta istripua ekidin zezaketen detaile txiki horiek duten garrantziaz ohartu, “tximeleta efektuaren” metafora baliatuta.
Mario Pardok aktoreak antzeztuko du Zacarias eskalearen papera, Mikel Losada enpresari trajeduna izango da, eta Ylenia Baglietto, aldiz, taxi-gidaria. Haiek zuzentzeaz, halaber, Violeta Trincado arduratuko da, orain arte bereziki script lanetan jarduen duen 22 urteko zinegile bilbotarra. Script moduan egin du lan La Dama Guerrera (Ana Murugarren, 2012), Tres Mentiras, Argi eta La Higuera de los Bastardos filmetan, eta besteak beste, El Secreto de la Tizona, Il Braccio, Bilbao sale de caza eta Blody Mary laburren ekoizpen eta zuzendaritzaz arduratu da.
Proiektuaren egutegia
Maiatzaren 17tik 21era errodatuko dute Zacarias Bilbon. Blogmedia ekoizpen etxea ari da proiektua sostengatzen, Ana Murugarren eta Joaquin Trincadoren produktora, eta errodajeko mantenu gastuei aurre egiteko, 1.000 euroko crowdfunding kanpaina abiatu dute Verkami plataforman. Gainera, Loli Astoreka eta Chema Trujillo aktoreek ere paper txikiak egingo dituzte.
Filmaren post-produkzioa ekainean egiteko asmoa dute, eta irailean estreinatuko dute lana. Dena den, Kimuak deialdira aurkeztuko dutela iragarri du Trincadok, baita nazioarteko film laburren jaialdietara ere.