Otsailean Berlinale jaialdian Alex de la Iglesia zinegile bilbotarrarekin egin bezala, egunotan Cannesen ospatzen ari diren festibal entzutetsuan Filmax International banatzailea erakartzea lortu du Paul Urkijoren Errementari opera primak. Kinoskopik, Pokeepsie Film, Nadie es Perfecto PC, Gariza Films, Euskaltel eta The Project Film Club eragileen artean altxa dute proiektua.

Errementari-KartelaOrain bost urtetik, Jose Migel Barandiaranek 1903an erregistratu zuen Patxi errementaria ipuin tradizionala oinarri duen fantasia eta abenturazko filma osatzen ari da Paul Urkijo zinegile gasteiztarra. Iazko udazken-negu partean errodatu zuten, eta ostean efektu bereziei heldu zieten, euskal mitologiaren eta kondairen elementuak sartzeko. Aktore taldea Kandido Urangak, Eneko Sagardoyk, Joxean Bengoetxeak eta Ramon Agirrek, besteak beste, osatu dute, eta XIX. mendera jauzi egiteko, jantziak eta atrezzoa ez ezik, hizkuntza ere baliatu dute, XIX. mendean Araban hitz egiten zen euskara berreskuratu baitute.

Bada, filmak Alex de la Iglesia zinegilearen arreta erakarri zuen Berlinale jaialdian, eta Carolina Bangekin batera duen Pokeepsie Film ekoizpen etxea gehitu zitzaion ekoizpen etxeen zerrenda luzeari. Orain, aldiz, Cannesko 70. azokan, Bartzelonan egoitza duen Filmax International banatzaileak proiektua nazioartean zabaltzeko eskubideak erostea lortu dute. Albiste bikaina da proiektuarentzat, udazkenean zinema aretoetan estreinatzeko asmoa baitute. Informazio gehiago Variety aldizkarian.