Iragan larunbatean, maiatzak 13, jakinarazi zuten Cannesko zinema jaialdiko Sail Ofizialean lehiatuko ziren filmen zerrenda. Azken orduko tira-birak tarteko, hainbat zinegile ezagunek ez dute La Croisetten egoteko aukerarik izango, hala nola, Abdellatif Kechiche, Roman Polanski, Steven Soderbergh eta Kathryn Bigelow zuzendariek. Aukeratutako filmen artean, Asiatik eta Europa ekialdetik etorritako lanak izango dira nagusi.
Gaur, maiatzak 17, abiatuko dute Cannesko zinema jaialdi entzutetsua. 70. edizioa izango da, gainera, eta horregatik, luze iraun dute Sail Ofizialeko filmen inguruko espekulazioek. Azkenik, iragan larunbatean kaleratu zuten behin betiko zerrenda, urtez urte errepikatzen diren eta nazioarteko jaialdi ugaritan saritu dituzten zinegile arrakastatsuen lanez josita heldu dena.
Besteak beste, 2014an Leviathan filmarekin gidoi onenaren saria jaso zuen Andrey Zvyagintsev zinegile errusiarraren Nelyubov izango da lehian, Michael Haneke austriarraren Happy End, Sofia Coppola estatubatuarraren The Beguiled, Yorgos Lanthimos greziarraren The Killing of a Sacred Deer, François Ozon frantziarraren L’Amant Double eta Hong Sangsoo hego korearraren Geu-Hu lan berriekin, besteak beste. Hego Ameriketako lanen hutsunea nabarmena da, AEBtako eta Frantziako ordezkariak ez baitira falta film asiarrak eta Europa ekialdeko ekoizpenak nagusi diren honetan.
Jaialdia Arnaud Desplechinen Les Fantômes d’Ismaël filmak zabalduko du, eta Un Certain Regard sail paraleloak ere zinegile entzutetsu ugariren proposamenak eskainiko ditu.
Sail Ofizialeko filmen zerrenda osorik duzue segidan:
- Nelyubov, Andrey Zvyagintsev
- Good Time, Benny eta Josh Safdie
- You Were Never Really Here, Lynne Ramsay
- L’Amant Double, François Ozon
- Jupiter’s Moon, Kornél Mandruczó
- A Gentle Creature, Sergei Loznitsa
- The Killing of a Sacred Deer, Yorgos Lanthimos
- Hikari, Naomi Kawase
- Geu-Hu, Hong Sangsoo
- Le Redoutable, Michel Hazanivicius
- Wonderstruck, Todd Haynes
- Happy End, Michael Haneke
- Rodin, Jacques Doillon
- The Beguiled, Sofia Coppola
- 120 Battements Par Minute, Robin Campillo
- Okja, Bong Joon-Ho
- Aus dem nichts, Fatih Akin
- The Meyerowitz Stories, Noah Baumbach