Errealitate birtuala hemen da. Paradisu artifizial digitalen konkista hasi da dagoeneko, eta urre birtualaren sukarra ikus-entzunezko enpresa eta sortzaile mordoen irudimenean jarri da. Denek izan nahi dute aitzindari, denek ezarri nahi dute bere banderatxoa eremu binario ezezagunetan, merkatu kuotaren eta posizionamendu estrategikoaren izenean. Etorkizun hurbilean, ikus-entzunezko negozioen kokaleku izango da errealitate birtuala, eta eduki-sortzaileek ahalik eta azkarren lortu nahi dute Know-How-a, monetizazio eta etekin ekonomikorako formulak aztertzen dituzten bitartean.
Zirraraz beteriko garaiak dira sortzaileentzat. Dena dago egiteko eta dena egin daiteke. Mendebalde basatiaren muina betaurreko batzuen atzean erreplikatu dela dirudi. Baina ez dugu ahaztu behar oraindik hastapenetan jarraitzen dugula. Oraindik ikasle gara eta ikasleen apaltasuna eta begirada garbia izan behar ditugu. Eta ez dugu ahaztu behar narrazioek eta istorio-kontaketek izan behar dutela garrantzia teknologiaren gainetik. Azken finean, istorioak dira teknologia berri bati esanahia ematen diotenak, zinemaren historia handian gertatu zen bezala. Zinema bitxikeria soil izan zitekeen, baina arte bilakatu zen, eta istorioek eta istorioak kontatzeko moduek gidatu zuten ibilbidean.
Zentzu horretan, errealitate birtualari dagokionean, bi garairen artean gaudela esan genezake. Lumière garaia alde batean, teknologia aztertuz eta esperimentuak eginez, eta Melies garaia beste aldean, ezusteko magikoen garaia, alegia. Eta horrek esan nahi du, hein handi batean, teknologia berri horrek hiperrealitatea sortzeko duen ahalmen ahalguztiduna erakusteko aitzaki izango direla narrazioak, 3D zinemarekin gertatu zen bezala. Hori bai, garaien arteko trantsizioak zinemaren historiakoak baino azkarragoak izango dira, eta laster izango ditugu errealitate birtualeko Griffithak, Murnauak eta Eisensteinak.
Baina errealitate birtuala ez da soilik zinemaren azken muga. Hainbat arte eta kultura-disziplinen arteko konbinazioa ere bada. VRan lan egiteko, ezagutza eta esperientzia transmediatikoak behar dira. Errealitate birtuala zinema da, baina baita bideo-jokoa ere; izan ere, bideo-jokoen mekanikak ezinbesteko dira ikuslearen papera zein den eta bere interaktibitatea zertan datzan definitzeko. Eta nola ez, antzerkigintza funtsezkoa da baita ere, batez ere ikusle-aktore-pertsonaia harremana zehazterako orduan. Bi adibide, askoren artean.
Transmedia narrazioak formatu desberdinez osaturiko unibertsoak ziren, eta formatu bakoitza unibertso horren galaxia bat zen. Baina, VRan lan egin nahi badugu, formatu ezberdin horiek guztiak barneratu behar ditugu, eta gure sormenean unitate bakarra osatu. Unibertso eta galaxietatik Big Bang aurreko osotasunera egin behar dugu bidaia. Trans-mediatik, Intra-Mediara, hain zuzen ere.