Joan Fontaine (Tokio, Japonia, 1917) aktore estatubatuar arrakastatsuaren jaiotzaren mendeurrena baliatuko du Azkuna Zentroak emakumeak zinemaren munduan izan duen papera omentzeko. Honenbestez, aktorearen ibilbideko zortzi film esanguratsuenak eskainiko dituzte bihar, maiatzak 17, hasi eta ekainaren 7ra arte.
Alfred Hitchcocken zein garaiko urrezko beste hainbat zuzendariren aginduetara lan egindako izarra da Fontaine. Antzerkian eta zineman paper txikiak egiten hasi bazen ere, Donald O. Selznickek Rebecca filmerako aukeratu zuenean egin zen ezagun. Hitchcocken lehen film luze amerikarra izan zen, 1940an, eta urtebete geroago elkarrekin errodatu zuten Suspicion lanari esker emakumezko aktore onenaren Oskar saria irabazi zuen Fontainek.
40ko eta 50eko hamarkadak oso oparoak izan ziren artista gaztearentzat, urtean film batean ala bitan hartu baitzuen parte, besteak beste, Robert Stevenson (Jane Eyre, 1943), Max Ophüls (Letter From an Unknown Woman, 1948), Robert Rossen (Island in the Sun, 1957) eta Fritz Lang (Beyond a Reasonable Doubt, 1956) zuzendarien aginduetara. Orotara 45 filmetan eta 32 telebista saiotan aritu zen.
Fontainen bizitza pertsolanari dagokionez, ostera, oso ezaguna izan zen bere ahizpa zahar Olivia de Havilland aktorearekin zuen ezinikusia. Gainera, pilotu lizentzia zuen, baita globo aerostatikoak gidatzekoa ere, eta golfean zein zaldi-lasterketetan aritu zen. 2013an zendu zen 96 urterekin.
Hori dela eta, Azkuna Zentroak emakumearen figura omentzeko asmoarekin, aktore berezi eta errepikaezin honen filmografiari eskainitako zikloa antolatu du maiatzetik ekainera. Lau saio egingo dituzte, ondorengoak:
- Maiatzak 17, 17:00etan The Women (George Cukor, 1939) eta 19:30ean Rebecca (Alfred Hitchcock, 1940)
- Maiatzak 24, 17:00etan Suspicion (Alfred Hitchcock, 1941) eta 19:00etan Jane Eyre (Robert Stevenson, 1943)
- Maiatzak 31, 17:00etan Letter From an Unknown Woman (Max Ophüls, 1948) eta 19:00etan Island in the Sun (Robert Rossen, 1957)
- Ekainak 7, 17:00etan Beyond a Reasonable Doubt (Fritz Lang, 1956) eta 19:00etan Tender is the Night (Henry King, 1962)