Yeon Sang-ho zinegile hego korearraren animaziozko lana izan da Fant jaialdiko irabazle nagusia, film onenaren garaikurra eskuratuta. Laburren kasuan, lan onenaren epaimahaiaren saria David Uloth kanadarraren La Voce lanarentzat izan da; film labur euskaldun onenarena, aldiz, Mar González Ruiz de Larramendiren Beste aldetik filmarentzat, eta ikusleen saria Julián Merinok jaso du, The App lanagatik.
Maiatzaren 12an Bilboko BBK Aretoan egin zuten sari banaketa ekitaldian banatu zituzten 23. Fant jaialdiko sariak. Astebetez, ehunka lagun hurbildu ziren Bizkaiko hiriburura beldurra eta fantasia uztartzen dituzten lan izugarriez gozatzera, tartean, dozena bat euskal film. Roberto San Sebastiánen La noche del virgen (2016) eta Haritz Zubillagaren El ataúd de cristal (2016) filmak, esaterako, Sail Ofizialean eskaini zituzten (bi euskal film sail horretan lehiatzen diren lehen aldia), saririk eskuratu ez bazuten ere.
Hain zuzen ere, film onenaren garaikur nagusia Yeon Sang-horentzat izan zen, Seulgo tren geltoki nagusian girotutako animaziozko film beldurgarriagatik: Seoul Station. Eskale askoren bizilekua da tren geltokia, eta neska gazte batek bikotearekin duen harremana apurtu eta bertan aterpe hartuko duenean, zombi bilakatutako eskaleen erasoa jasango du.
Melina Matthews aktoreak, Elio Quiroga idazle, gidoilari eta zinegileak, eta Miguel Ángel Vivas kazetariak osatutako epaimahaiak “animazioaren estereotipoetatik ihes egitegatik” saritu nahi izan du ekoizpena.
Gainerakoan, David Uloth kanadarraren La Voce film laburrak eskuratu du kategoria horretako sari nagusia, “protagonisten hipersentiberatsuna soinuaren, musikaren eta irudiaren bidez transmititzeagatik”; Mar González Ruiz de Larramendik, ostera, euskal film labur onenaren garaikurra jaso du Beste aldetik lanarekin, “proposamenaren arrisku estetikoagatik”; eta ikusleek Julián Merinoren The App nabarmendu dute.
Palmaresa osatzeko:
- Gidoi onenaren saria, Euskal Gidoigileen Elkartearen eskutik: I Am Not a Serial Killer (Billy O’Brien, 2016)
- Zuzendaritza berritzaile onenaren saria, Zineclub FASen eskutik: The Eyes of my Mother (Nicolas Pesce, 2016)
- Fantrobia saria, Sean Brosnanentzat
- Izan FANTastikoaren saria, Barbara Crampton aktorearentzat
- Ohorezko Fant sariak, Pedro Rivero eta Terele Pávez aktoreentzat
- Panorama Saileko film luze onenaren saria: A Floresta Das Almas Perdidas (Jose Pedro Lopes, 2016)
- Panorama Saileko aipamen berezia: Therapy (Nathan Ambrosioni, 2016)
- Trailer faltsu onenaren epaimahaiaren saria: José Mellinasen Fishface
- Trailer faltsu onenaren publikoaren lehen saria: Iker Maguregiren Hugo
- Trailer faltsu onenaren publikoaren bigarren saria: Angel Holgadoren Coleccionista