Itziar Ituñori eta boikota jasan duten aktoreei babesa adieraziz zabaldu du Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak 65. edizioko irudien aurkezpen agerraldia. Sail Ofizialari dagokion kartela Husmee Studio Graphique! estudio donostiarrak osatu du, mozketa eta muntaketaren kontzeptuak lantzen dituen irudia.
Tabakalerako patioan aurkeztu dituzte aurten lehen aldiz Donostia Zinemaldiko edizio berriko kartelak. Jose Luis Rebordinos zuzendariak euskal aktoreek jasotako boikotari erreferentzia eginez hasi du mintzaldia, euskaraz:
“Donostia Zinemalditik askotan azaldu dugu edozein diskurtso zabaltzeko aukera ematen duen askatasunezko eta errespetuzko espazio bat izateko dugun nahia. Baldintza bakar batekin: diskurtso horrek gainerako diskurtso eta iritziak errespetatzea. Eta muga bakar batekin: legearen eta Giza Eskubideen errespetua. Ez dugu inoiz boikotetan parte hartu, eta orain ere ez dugu halakorik egingo. Ideia ezberdinak eta konpartitzen ez diren iritziak elkarrizketaren bidez eztabaidatzen dira. Ez ditugu filmak epaituko haietan parte hartzen duten aktoreen ideologiaren arabera. Horregatik, gaurkoa bezalako egun garrantzitsu batean, Itziar Ituñori eta boikota jasaten ari den aktore orori gure elkartasuna adierazi nahi diogu”.
Txalo zaparrada ederra jaso du Rebordinosek amaitutakoan.
Azpimarra merezi duten gaiak
Ostean, 65. edizioarekin lotuta, hainbat atalek izandako aldaketak eta bestelako datu esanguratsuak nabarmendu ditu, hala nola, aurretik aurreratu zituzten Ikasleen Nazioarteko Topaketen eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren iraupena luzatuko dutela; Glocal in Progress deialdi berria martxan jarri dutela, Ikusmira Berriak deialdira aurkeztutako lan kopuru handiak sortzaile berrien alde egiten duten lanaren errekonozimendua erakusten duela; eta urtea amaitu baino lehen Tabakaleran zabalduko duten Elias Querejeta zine-eskolaren proiektuan parte hartuko dutela.
Segidan, atal bakoitzeko irudia erakutsi dute, ondorengoak:
- Sail Ofiziala: Husmee Studio Graphique! estudio grafikoak sortutako irudia da, Fotogramak izenekoa. Irudia 24 fotogramaz osatutako erretikula batean dago bereizita, eta 65 zenbakia protagonista nagusitzat hartuta, hainbat istorio kontatu dituzte. Mozketa eta enkoadraketa ezberdinen bidez erritmo aldaketak irudikatu nahi izan dituztela gaineratu dute egileek.
- Zuzendari Berriak: Angel Aldarondoren irudiak hasiberria eta hauskorra dirudien paperezko hegazkin bat erakusten du, norabide berri baten bila abiatzen den gidoiarekin osatutako hegazkina.
- Horizontes Latinos: Aldarondoren bigarren kartel honek, aldiz, harresi bati aurre egiteko eta hura gainditzeko modua erakusten du, oztopoen aurrean asktasun-nahia irudikatuz.
- Perlak: Maite Rosende diseinatzaile donostiarrak jaialdiko ikusleen aurrean jartzen diren kristal gisa aurkeztu ditu perlak.
- Zabaltegi-Tabakalera: Sara Zamarrok Hegaldiak izeneko lana aurkeztu du. Helmuga zehatzik gabeko hegaldiak irudikatu nahi izan ditu, sortzeko eta erronka berriei aurre egiteko asmoz abiatzen direnak.
- Culinary Zinema: TGA Donostiako diseinu estudioak gastronomiaren berezko osagaien ikonografiak baliatu ditu kartela osatzeko, eta zuria eta beltza dira erabilitako koloreak.
- Savage Cinema: 1950eko eta 1960ko hamarkadetako natura-parkeen postalei egin die keinua Carlos Mauricio Maurix arte-zuzendari eta diseinatzaile grafiko galiziarrak.
- Atzera begirakoa: Joseph Losey zinegile britainiarrari eskainiko diote aurten atzera begirako zikloa, eta kartela The Servant bere film ezaguneko eszena baten irudia da. Eurosíntesis eta Donostia Zinemaldiak osatu dute.