Zuzendaria: Juan Palacios

Urtea: 2016

Herrialdea: Euskal Herria

Zinemaren industriatik datozen aldarrikapen asko beti izan ohi dira filmen finantzaketarekin edo, oro har, kontu ekonomikoekin zerikusia dutenak: diru-laguntzak ez direla behar bestekoak, denbora gehiegi atzeratzen direla ordainketak, industriako langileen prekarietatea eta abar. Testuinguru honetan, teknologiak ia edozeinek irudiak filmatzea ahalbidetu du, kalitatezko bideoa egiten duten kamera digitalak direla medio. Fenomeno hauek, besteak beste, lurzoru bat erein dute non “Pedaló” (Juan Palacios, 2016) bezalako hainbat film ageri diren azken urteetan.

Film honen abiatzeak, nahigabean, Elias León Siminianiren “Mapa”(2012)-ra garraiatzen gaitu: gertuko pertsona, paisaia edo elementuen irudiak, off ahotsa non zuzendariak berak filmaren gaineko hausnarketa egiten duen… Aldiz, hasierako gogoeta metazinematografikoak behin gaindituta, Palaciosek alde batera egin eta begirale lanetan dihardu aurrerantzean. Hemendik aurrera ikusiko duguna, hiru lagun protagonista dituen goitik beherako road movie bat izango Eta ohiko road movie-tan bezala, helmugan ez ezik, bidean aurkituko dugu istorioaren mamia.

Hogeita hamar urte inguruko hiru lagunek Hendaiako kostaldetik Bilboraino pedalo baten gainean joan nahi duteneko honetan, abentura izpiritua, momentu komikoak, pasarte hunkigarriak eta hausnarketarako isiluneak ez dira falta. Une barregarrienetan, “The Hangover”en (Todd Phillips, 2009) aurki dezakegun atmosfera berdintsu batean aurki gaitezke; aldiz, gertakizun triste batek bidaiaren erdian harrapatzen dituenean, hots, protagonistetako baten aitonaren heriotza, Palaciosek bikain jartzen ditu ezusteko hauek pelikularen alde, indar emozional handiko momentuak eskainiz. Guzti honek, azken urteetan askoren ahotan dagoen kontu hartara itzultzen gaitu: dokumentala da? fikzioa da? Zein punturaino sartzen ditu zuzendariak fikzioaren elementuak? Zilegi al da fikzioaren baliabide batzuk erabili badira dokumental gisa aurkeztea filma?

Uste dut “Pedaló” bezalako filmek balio bikoitza dutela zentzu honetan. Batetik, Palaciosen luzemetraia, aipatutako dokumental eta fikzioaren arteko zalantza horiek atzean utzita aurkezten da. Filmak ez du inongo anbiguotasun izpirik uzten. Filma pantailan ikusten dena da. Ez gehiago, ez gutxiago. Debatea hortxe amaitzen da. Bigarren puntu interesgarria, are eta baliotsuagoa nire ustetan, ikusleon begirada zabaltzearen alde egiten den ekarpena da, izan ere, errealitate-puskaz konposatzen diren honelako filmei esker, besteak beste, ikuslegoa konturatu da gaur zinema beste modu askotara egin daitekeela.

Hasierako kontura itzuliz, askotan iruditzen zait, bereziki ohiko fikziozko filmetan, ekoizpenerako izaten diren zailtasun eta eragozpen guztiekin, azkenean, zuzendariek, nahi duten filma baino, ahal duten filma egiten bukatzen dutela. Juan Palaciosek, ordea, baliabide minimoak bazituen ere, nahi zuen filma egitetik askoz gertuago gelditu delakoan nago.