Zuzendaria: Koldo Almandoz

Urtea: 2016

Herrialdea: Euskal Herria

Atsegina bezain aztoragarria den soinu bat entzuten da, atzealdean; filma hasi denaren seinale. Pantaila ilun, sonar baten hotsa. Igortzen hasi da ontzi mamu batetik norbait, ezezaguna zaigun istorio baten hasiera. Hari zuriek zeharkatzen dute pantaila. Uhinak dira, taupadak. Bizirik dago, bizirik! Bram Stokerrek idatzitako eleberrian kapitainak itsasontziaren egunerokoan idatzitako hitzak izango dira irakurriko ditugunak, abian da bidaia.

Oilo ipurdia sortzen duen hasiera du Sipo Phantasmak, konbentziotik at dagoen film baten aurrean gaudela argi dago, eta erabilitako narrazioa ere aldendu egiten da ohiko ereduetatik. Baina arraroa badirudi ere, Koldo Almandozek bere lehenengo luzemetrai esperimental honetan kontatzen diguna ez dago ikuslearen bizitzaren nolakotasunen parametroetatik horren urrun.

Ataletan sailkatutako egitura du filmak, liburuetan aurkitu ohi duguna bezalakoa, eta pasarteak aurrera joan ahala argituko dira zuzendariak azaldu nahi digun istorioaren zioak.

Teknika desberdinak erabiliko ditu horretarako: artxiboko irudiak, kamera estatiko batez grabaturikoak edo stop motionez sorturikoak, kasu.

Atal bakoitzean istorio txiki bat azalduko zaigu, beste ataletakoekin batere loturarik gabekoa irudi lezakeena, hasiera batean. Almandozen trebetasuna hain da fina, non artisauaren pazientziarekin atal guztiak, eskuz, gutxinaka, lotu egingo dituen, filma osotasun eta zentzu borobil batez hornitzeraino.

Zinemaren zinema dugu honakoa, eta badakit ez duela Zuluetaren Arrebatorekin zerikusirik, nahiz eta metazinema eta banpiroak aurkitu ditzakegun hemen ere.
Banpiroaren kontzeptua hankaz gora jarriko du maitasuna, samina, misterioa eta zoria dosi parekoetan doituz.

Bitxia da Orlok kondearen istorioa, zinema eta zinemagileen nolakotasun eta bizipenak, emozioak, modu abstraktu bezain zehatzean azaltzeko erabilitako bidea. Deigarria da baita ere, Koldo, zuzendariaren izena atzekoz aurrera irakurriz (Orlok), Murnauk sorturiko pertsonaiaren izena irakurri ahal izatea kasik.

Bizitzan bidaia batzuk bakarka egin behar diren bezala, Almandozek joanaldia besterik ez duen tiketa eskaintzen digu Sipo Phantasman. Eta argigarriak izan daitezkeen ikuspuntu eta sentsazioetara eramango gaituen itsasontzi fantasman, Itzulerarik izan ez lezakeen bidaia egingo dugu.

Entzun bada, arretaz, Joserra Senperenak maisuki sorturiko soinu-banda, eta tentuz irakurri istorio harrigarri bezain intimista hau; kolore askotarikoen artean garraiatuko gaituen zeluloide honek ez baitu elkarrizketarik, eta azpidatzia baitago. Geu izango gara filmari ahotsa emango diogunak, zinta aurrera joan ahala, irakurritakoari geure izana gehituz, geure baitan, gu geu protagonista bilakatuko garelarik.