Zarauzko Rockumentalak jaialdiaren hamargarren edizioa ekainaren 2tik 23ra luzatuko da, eta orotara bost saio egingo dituzte, zuzeneko musikaz lagunduta. Gainera, hamargarren edizioa izango dela ospatzeko, edizio guztietako irudiak biltzen dituen erakusketa jarriko dute Modelo aretoan bertan jaialdiak irauten duen bitartean.

Rockumentalak-10-Kartela-02Rockari buruzko dokumental interesgarriek eta musikari entzutetsuen emanaldiek jantziko dute Zarauzko I Love Rock kultura elkarteak antolatzen duen Rockumentalak jaialdiaren hamargarren edizioa. Orotara bost saio egingo dituzte, eta guztietan dokumental bat eta zuzeneko kontzertu bat eskainiko dute, hilaren 9koan izan ezik, kontzertu bikoitza egingo baitute. TOY lauko britainiarra eta VULK bilbotarrak ariko dira, hurrenez hurren, eta sarrerak 14 euro balioko ditu.

10. edizioaren harira, gainera, urteotako argazkiak biltzen dituen erakusketa jarriko dute hilaren 2tik 23ra.

Segidan duzue egitaraua:

  • Ekainaren 2an, Gimme Danger dokumentalaren emanaldia, Reyes Toríoren aurkezpenarekin, eta ostean Ainara Legardonen kontzertua. Lanak Michigan (AEB) estatuko herri txiki batean 60ko hamarkadaren amaieran sortu zen The Stooges talde indartsuaz hitz egingo digu. Jim Jarmuschek osatu du.
  • Ekainaren 3an, Juanma Bajo Ulloaren Rockandrollers dokumentala eskainiko dute, Gasteizko Azkena Rock Festivaletik abiatuta, rock and rollaren jarraitzaileen erretratu bat egiten duen lana. Zuzendaria bera emanaldian izango da, eta ostean Luma taldeak kontzertua eskainiko du.
  • Ekainaren 16an, aldiz, Nicholas Rossik 2014an aurkeztu zuen Heaven Adores You: An Intimate, Meditative Inquiry Into the Life and Music of Elliot Smith. Jerry Corralek aurkeztuko du Smith bizi izan zen hiru hiri nagusiei (Portland, New York eta Los Angeles) musika jartzen dien dokumentala. Ostean, Rafa Berrioren kontzertua.
  • Ekainaren 23an, azkenik, emanaldi bikoitza egingo dute: PULP taldeak 2012an Sheffielden eskaini zuen emanaldi arrakastatsuaren inguruko PULP: A Film About Life, Death & Supermarkets dokumentala (Florian Habicht, 2014) emangl dute lehenik, eta Oasis taldearen inguruan Mat Whitecrossek iaz estreinatu zuen Oasis: Supersonic lana ostean. Biak aurkezteaz arduratuko da Alvaro Fierro musikan aditua, eta segidan Kokoshca taldeak kontzertua eskainiko du.