Euskal Aktoreen Batasunak sare sozialetan euskal aktoreen aurka jaurtitako irainak eta boikot kanpainak salatzeko oharra kaleratu du, eta eroaso horiek profesionalen ibilbidean izan ditzaketen ondorioen inguruan ohartarazi du. Joan zen asteko Itziar Ituñoren aurkako kanpainak bultzatu ditu oharra kaleratzera, aurretik Miren Gaztañaga eta Gotzon Sanchez aktoreek bizitakoa etengabe errepikatzen ari delako.

Euskal-aktoreak-boikota

Haiekin egin dute bat Valentziako, Gaztela eta Leongo, Galiziako, Murtziako, Kataluniako eta Estatu espainiarreko aktoreen elkarteek, baita Euskal Dantzari Profesionalen Elkarteak ere.

“Euskal aktoreen aurkako adierazpen iraingarriek neurri gabeko dimentsioa hartu dute, eta horrek aktoreen etorkizuneko kontratazioak kaltetu ditzake, haien ideologiak eta jatorriak baldintzatuko baititu”, azaldu dute.

“Boikot deialdiak gure sindikatuko hainbat kideren aurkakoak izan dira, adierazpen askatasunaren babespean egindako adierazpen edo parte hartzeengatik”, gaineratu dute. Horregatik, “pentsamendu askatasunean oinarrituta, Legearen barruan dauden ekimen sozial, politiko eta kulturaletan parte hartzen dutenean edo haien inguruko adierazpenak egiten dituztenean, jasan ditzaketen erasoengandik babestuko ditugu”.

Horrez gain, sare sozialek anonimotasunean ezkutatzen diren norbanakoei ahotsa ematen dietela gaineratu dute, eta haiek kontrolik gabe iraintzen eta difamatzen dutela. “Ez al da hori gorrotoa sustatzea?”, galdetzen dute, horrek eragin ditzakeen maila profesionaleko kalteekin kezkatuta.