Zuzendaria: Koldo Almandoz
Urtea: 2016
Herrialdea: Euskal Herria
Abiapuntua, korapiloa eta amaiera, egitura hori jarraitu ohi dute mundu zabalean arrakastatsu bilakatzen diren filmek. Badira, ordea, bestelako proposamenak plazaratzen dituzten sortzaile ausart eta apurtzaileak ere eta horien artean da Koldo Almandoz, Sipo Phantasma azken lanarekin euskal zinemagintzan leiho berriak irekitzea lortu duena.
Untzi fantasman murgilarazten du Almandozek ikuslegoa, abiapuntu ezin misteriotsuagoa duen istorioan. Narratiba ez konbentzionala probestuz, zinegile donostiarrak itsasontziko jardun bakartia ilustrazio eta irudi abstraktuekin uztartzen du eta modu horretan kontakizunak geroz eta esangura konplexuagoa bereganatzen du. Alemaniar espresionismoaren eragina nabarmena da elkarrizketak alboratu eta testu bidezko narratzaile figuraren hautuan, baita F.W. Murnau zuzendariaren Nosferatu film klasikoaren irudien erabileran ere. Musikaren eta koloreen funts dramatikoak ere kontzeptu berbera indartzen du eta horrenbestez esan liteke, hein batean, filmak zine abangoardista omentzea duela xede, espiritu esperimental eta berritzailea goratzea.
Baina iraganeko erreferentzietatik haratago, Almandozen obra berriak misteriotsu den ororekiko zirrara transmititzen du. Antzinako gutun eta testigantzen joan etorriaren bitartez iradokitzen du bizitza pertsonengan bakarrik ez, objektuetan ere existitu daitekeela; bizi propioa duela dirudien itsasontzia edota Murnau beraren hilobi-momentua kasu. Hasiera batean indibidualak diruditen istorio zatiek bat egiten dute arku narratiboari jarraipena eta osotasuna emanaz, filma azkenerako lotura horien inguruko gogoeta ere badelako. Almandozek barkua baliatzen du ezezagun ditugun pertsona eta egoerekin zein modutan komunikatzen garen hausnartzeko eta, aldi berean, baita gure arbasoek eraikitako ondarearekin dugun lotura birpentsatzeko ere.
Sailkaezina da Sipo Phantasma. 64. Donostia Zinemaldiko aurkezpenaz geroztik zine areto eta bestelako kultur guneetan eginiko ibilbideak frogatu du sentipen kontrajarriak sorrarazteko duen ahalmena; nahasmena batzuengan, miresmena besteengan. Mututasuna baliatu eta zuzeneko soinu banda baten erritmora pelikula bat baino askoz gehiago bilakatu daitekeela ere erakutsi du. Baina, estreinako film luzearen bitartez Koldo Almandozek lortu duena batez ere zera izan da: euskal zinemagintzan bide alternatiboak jorratzea posible dela nabarmentzea eta bide horiek lantzea kultur komunitate osoarentzat zinez aberasgarria dela ohartaraztea. Ekarpen freskoen emariak aurrera jarrai beza, euskal ondarearen mesedetan.