Zuzendaria: Koldo Almandoz

Urtea: 2002

Herria: Euskal Herria

Unibertsitatean sartu bezain laster egin nuen topo Koldo Almandozen Belarra filmarekin. Ia idearik ere ez neukan ikus entzunezko munduari buruz, nire balorazioa “nahiko ona, gustatu zait” soil batetan hasi eta bukatu egin zelarik. Jada nabarmen gehiago elikatu dut burua honen balorazio aberatsago bat eman ahal izanez.

Belarrak hiru pertsonaren goiz batetako istorioa kontatzen digu, bakoitzaren egitekoak erakutsiz, egun arrunt bat balitz gisa.

Film hau lehenengo aldiz ikustean, istorio “estandar” bat etortzen zaigu burura, zeinen trama nahiko errepikakor eta ohikotzat erraz jo daitekeen. Bigarren aldi batean ikustean hainbat kontuz konturatzen gara, gure aurretiko balorazio hurari hainbat “baina” eta “zergatik” ateraz. Hirugarren aldian film labur honen potentzialaren testigu bilakatzen gara.

Izan ere, jaio berri batek bere oinak lehenengo aldiz deskubritzen dituen bezala, hainbat kontu buruan sartzen dira hirugarren aldi horretan, zerbait berri eta bitxiarekin topo egingo bagenu bezala. Beste film askotan aurkitzen ez ditugun horiek, zehazki.

Lehenik, ohiko pertsonaien eraikuntzatik ateratzen gaitu, pantailaren aurrean ikusten diren hiru pertsonen gainetik berezia den elementu bat jarriz, hots, belarra bera. Horixe da filmaren izenburua. Zergatik? Garrantzitsuena bera delako, noski.

Uneoro plano pikatu eta kontrapikatuen bitartez honen ikuspegia balitz gisa eraikitzen dira enkoadraketak, belarra gainerako pertsonaiei begira egongo balitz gisa. Irudian ere tonu dominante berde xamarra soma daiteke, ikusleon begirada belardira bideratuz.

Baina hirugarren ikustaldi honetan aditu dudan faktore paregabeena soinuan datza dudarik gabe. Film osoan zehar belarra ez den inork ez du hitz egiten. Baina belarrak hitz egiten al du? Haizeak honengan egiten duen soinu leuna, belardiko ale txiki orok ondokoari putz egingo balio bezala, ez al da hitz egitea?

Zerbait berezia da film labur hau. Konposizio arraroa, estetika arraroa, soinu arraroa, istorioa bera ere arrarotzat jo daiteke behin ulertu ostean, dena da arraroa. Arrarotasun horixe da behin baino gehiagotan ikustera bultzatu nauena izan ere.

Lanketa berezi batek, beraz, istorio berezi bat darama eskutik kolpeta. Berezia bezain originala. Originala bezain ona. Hirugarren ikustaldian “nahiko ona, gustatu zait” soila bazterrarazten duena, espresuki.