Euskal dantzaren sinbolo eta metaforak oinarrian hartuta, bizitzaren zikloaren eta gizakiaren garapenaren inguruan hausnartzen duen fikziozko filma da Telmo Esnal (Zarautz, 1967) zinegilearen Dantza. Urtarrilean hasi zituen errodaje-lanak, eta asteburuan Leitzan izango da 60 lagunetik gorako lantaldearekin.

https://vimeo.com/215651681

Dantzaren bitartez hainbat gai unibertsal jorratzen ditu filmak, hala nola, biziraupena, sinesmena, festa, maitasuna eta heriotzaren aurkako borroka. Narrazio sinplea izango du, baina abestiek, keinuek eta erritmoek lagunduko dute kontaketa, tradizioa eta mitologia uztartzen dituen proposamen ikusgarrian.

Donostia, Iruñea, Añorga, Eibar eta Elgoibarko hainbat dantza talde (250 dantzaritik gora) ari dira ekoizpenean lanean, tartean, aurtengo Gipuzkoako Dantza Saria irabazi duen Judith Argomaniz donostiarra. Koreografiak osatzerako orduan, halaber, Juan Antonio Urbeltz eta Argia taldeko dantzarien aholkuak jaso ditu Esnalek.

Errodajea urtarrilean berrartu zuten Oñatiko Arantzazu Santutegian, eta azken hiletan Nafarroako, Bizkaiko, Lapurdiko, Gipuzkoako eta Zaragozako hainbat lokalizaziotan izan dira. Asteburuan, maiatzak 6 eta 7, Leitzara joango dira, eta hala, filmaren % 80 errodatuta utziko dute. Falta dena irailera bitarte grabatuko dute, eta filma 2018an estreinatzeko asmoa dute.

Talde teknikoan 60tik gora lagun batu ditu zarauztarrak, tartean, bere ekoizpenetan ohikoak diren Javier Agirre argazki zuzendaria, Lola Lopez eta Iciar Arrieta makillatzailea eta ile-apaintzailea, Arantza Ezkerro jantziteriaren arduraduna, Laurent Dufreche muntatzailea eta Ander Sistiaga ekoizpen zuzendaria. Dantza Txintxua Filmsen ekoizpena da, eta Marian Fernandez eta Asier Altuna ari dira ekoizle-buru lanetan.