Gipuzkoako Foru Aldundiko Markel Olano diputatu nagusiak eta Denis Itxaso Kulturako diputatuak, zine-eskolako zuzendari berri Carlos Muguiroren laguntzarekin, urtea amaitu baino lehen Tabakaleran zabaltzeko asmoa duten Elias Querejeta zine-eskola aurkeztu dute gaur. “Pentsatzeko, hausnartzeko, ideiak sortzeko gune bat” izango dela azpimarratu du Muguirok.

Donostia Zinemaldiaren, Euskadiko Filmategiaren eta Tabakaleraren arteko transmisio-uhal” moduan aurkeztu du zentroa zinegile, programatzaile eta irakasle nafarrak. Gipuzkoako Foru Aldundiak zuzendaria hautatzeko deialdira La hipótesis del cine proiektu irabazlea aurkezu zuen, eta berak proposatutako “pentsatzeko, hausnartzeko eta ideiak sortzeko” gunea izango da laster Donostian zabalduko duten zine-eskola.

Zine-eskola-Elias-Querejeta-02

Era berean, Muguirok aurkeztutako proposamen pedagogikoan hiru motatako saioak bereiziko dira: atzerriko zein bertako profesionalek eskainiko dituzten eskolak, proiektuaren babesle diren hiru entitateetan egingo diren praktikak, eta ikasle bakoitzaren proiektu pertsonala lantzeko saioak. Hiru hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez) egingo dituzte eskolak, eta zuzendariak berak zehaztu du, gaur gaztelaniaz soilik mintzatu den arren, “datozen agerraldietan euskaraz zuzentasunez aritzeko gai izatea” espero duela.

Datak

Tabakaleraren beheko solairua egokitzeko lanak bi aste barru abiatuko dituztela aipatu du Itxasok. Lurgoien enpresak egingo ditu, eta 227.815 euroko aurrekontua izango dute. Espazioak hiru eremu izango ditu: harrera eta administrazio gunea; irakaskuntza eremua (hiru gela eta bi tailer, argazkilaritza lantzeko eta proiekzioetarako); eta ikasketarako txokoa (audioa eta bideoa editatzeko lau gelarekin).

Eskola, aldiz, “urtea amaitu aurretik” zabaltzeko asmoa iragarri dute, eta matrikulazio-epea ekainean irekiko dutela gaineratu, ikasleek hauatatze prozesua igaro beharko dutelako. Irakasleen perfilaren inguruan galdetutakoan, “profesionalak, atzerrikoak zein bertakoak” bilatuko dituztela erantzun du Muguirok, eta haiek emandako eskolak eta ikasleen aurkezpenak hiritarrei zabalduko dizkiela, “eztabaidetan eta hausnarketetan parte hartzeko aukera izan dezaten”. Irekitasun hori programazioara ere hedatuko du, eta zine-eskolan eskainiko dituzten solasaldietara eta emanaldietara sartzeko aukera izango du ikuslego orokorrak.

Dena den, Muguiro berriki batu da lantaldera, eta proiektua nola aplikatu aztertzen ari dira orain. Horregatik, datozen hiletan informazioa pixkanaka kaleratuko dute.

Zine-eskola-Elias-Querejeta-01

Aldundia eragile

Olanoren hitzetan, Tabakalera zabaldu zuten une beretik zentroa indartuko zuen ikus-entzunezko proiektu baten beharra ikusi zuen Aldundiak. “Ikus-entzunezkoak dira Tabakaleraren motor nagusia, nortasuna ematen diote kulturuneari, pisu handiko hainbat erakunde biltzen baitira bertan, eta horregatik, Itxasoren departamentuak zine-eskola sortzearen aldeko apustua egin du hasieratik”, nabarmendu du.

Itxasok berak Donostia Zinemaldiaren, Euskadiko Filmategiaren eta Tabakaleraren bategitea azpimarratu ditu, eta eskolaren izenaren jatorria azaldu: “Elias Querejeta XX.mendearen amaierako Europako ekoizle eta sortzaile handienetako bat izan zen, eta omenaldi hau merezi zuela uste dugu”. Hernanin jaiotako ekoizle, gidoigile eta dokumentalistak 2013an zendu zen, bere ibilbidean zehar 50 film inguru ekoitzi ostean, tartean, Carlos Saura, Victor Erice edota Julio Medemen lanak. Peppermint frappé (Saura, 1967), La madriguera (Saura, 1969), El jardín de las delicias (Saura, 1970), La prima Angélica (Saura, 1973), El espíritu de la colmena (Victor Erice, 1973) eta Cría cuervos (Saura, 1975) dira bere ibilbideko film esanguratsuenetako batzuk.