The Lost City of Z

James Gray zinegileak David Grannen eleberrian oinarritutako filma osatu du, gidoitik hasi eta zuzendaritza lanetaraino. Charlie Hunnam, Sienna Miller, Tom Holland eta Robert Pattinson aktore laudatuek hartu dute parte 1920ko hamarkadan girotutako abenturazko filmean. Percy Fawcett ikerlari britainiarraren bizitza eta desagertzea kontatuko dizkigu lanak. Izan ere, Amazonas oihanean galdutako antzinako zibilizazioaren bila ibili zen urte askoan, 1925ean egin zuen bidairik garrantzitsuenean desagertu zen arte.

A United Kingdom

40ko eta 50eko hamarkadetan jazotako maitasun istorioa. Seretse Khama (David Oyelowo) Botsuanako erregea eta Ruth Williams (Rosamund Pike) idazkari britainiarra elkarrekin maitemindu ziren; Khamak mundu hobeago bat irudikatzeko zuen moduak erakarri zuen Williams, eta emakumeak bere ikuspegia onartzeko zuen gaitasunak liluratu zuen gizona. Baina Khamak sorterrira itzuli behar izan zuenean sortu ziren arazoak. Bi protagonisten sendiek ez ezik, Erresuma Batuko eta Hegoafrikako gobernuek ere harremanaren aurkako jarrera azaldu zuten, eta haien kontra borrokatu behar izan zuten bi gazteek. Amma Asante andrazko gidoigile, zinegile eta aktore britainiarrak zuzendu du Guy Hiberten gidoia duen filma.

The Circle

Emma Watson eta Tom Hanks buru dituen proposamena helduko zaigu, ostera, AEBtatik: James Ponsoldten The Circle. Watson Mae Holland izango da, eta The Circle izeneko Interneteko enpresa arrakastatsuan kontratatuko dute. Bertako zuzendaria da Hanks, eta harrotasunez azalduko du enpresaren lorpena: posta elektronikoak, sare sozialak, banku-eragiketak eta pasahitzak bateratuta, erabiltzailearen profil birtual zehatza sortzeko gai dira, gardentasunaren mesedetan. Baina, ez ote da gehiegi? Dave Eggersek 2013an argitaratutako eleberria du oinarrian filmak.

Ardiak eta otsoak

Zineuskadi elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez, Euskal Herriko hainbat aretotan euskaraz estreinatuko dute Ardiak eta otsoak animaziozko film errusiarra. Andrey Galat eta Maxim Volkovek zuzendu dute, eta otsoen taldeko buru izateko, okerreko edabea hartuta, ardi bilakatuko den otso gaztearen abenturak izango ditu hizpide.

Patriots Day (Día de patriotas)

2013ko Bostongo maratoiko atentatu terroristari buruzko filma da Peter Bergen berriena. Mark Wahlberg, John Goodman eta Kevin Bacon aktore ezagunak, besteak beste, ekintzaren egileak ikertzen aritu ziren polizia-agenteen eta ordezkari politikoen azaletan sartuko dira drama eta akzioa bateratzen dituen lanean.

El jugador de ajedrez

Luis Oliveros espainiarrak Malagako zinema jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztu berri duen lana ere asteko estreinaldien artean da. Marc Clotet Diego Padilla xake jokalariaren azalean sartuko da. 1934an, Espainiako txapelketa irabazi zuen urtean, ezagutu zuen Marianne Latour kazetari frantziarra, eta ezkondu egin ziren. Urte batzuk geroago, emazteak eskatuta, Frantziara joatea erabaki zuten, baina espioitza lanak egotzita, naziek Padilla espetxeratu zuten. Presondegian bizirauteko tresna bakarra xakea zen, Maier koronelaren zaletasuna. Clotetekin batera aritu dira Melina Matthews, Alejo Sauras eta Stefan Weinert aktoreak ere.

The Bye Bye Man (Nunca digas su nombre)

Eta asteko beldurrezko thrillerak Stacy Title emakumezko zinegile estatubatuarraren zigilua darama. Filmeko protagonistak unibertsitateko hiru ikasle izango dira. Campusaren kanpoan dagoen etxe zahar batera joango dira bizitzera, eta nahi gabe, Bye Bye Man izakiari ihes egiten utziko diote. Haren izena ezagutzen duen oro hiltzen du, eta horregatik, ingurukoak onik mantentzeko, sekretua gordetzen ahaleginduko dira gazteak.

Sleepless

Las Vegas hiriko Vincent Downs (Jamie Foxx) eta Sean (Tip Harris) poliziek kasino bateko zuzendariaren kokaina bidalketa geldituko dute. Hark, mendeku bila, Vincenten semea bahituko du. Poliziak gau bakar bat izango du haurra bere kabuz askatzeko. Baran bo Odar zinegilearen lana ez da zinema areto guztietara helduko; oraingoz Iruñeko La Morea zinemetan izango da ikusgai.

https://youtu.be/grqVFoJ3jJg