Urtea: 2016
Herrialdea: Italia
Checco Zalonek hamabost urte eman ditu funtzionario gisa, eta oso eroso dabil ehiza eta arrantzarako baimenak zigilatzen. Gurasoen etxean bizi da oraindik, eta ez du bere bikotearekin ezkontzeko inongo asmorik. Bere bizitza perfektua egun batetik bestera aldatuko zaio, ordea: Italiako administrazioak murrizketak egingo ditu, eta, ondorioz, bere lanpostua kolokan egongo da. Zalonek bere esku dagoen guztia egingo du funtzionariotzari eusteko. Mahai gainean jarriko dioten kalte-ordaina ez du onartuko, eta Norvegiara lekuz aldatuko dute amore eman dezan.
Umorea ez da zientzia zehatz bat. Txiste errazak irrigarriak izan daitezke, funtziona dezakete, aurreikusteko modukoak eta topikoz beteta egon arren. Ez galdetu zergatik, baina halakoek arrakasta izan ohi dute sarritan, zineman ere. Quo vado? adibide bat da.
Batzuetan, gainera, fenomeno sozial bilakatzen dira. Horren isla ere bada Gennaro Nunziante zuzendariaren lana, marka guztiak gainditu baititu Italiako zinema aretoetan: 10 milioi lagunek ikusi dute filma, eta 70 milioi euro bildu ditu.
Txiste errazak aipatu ditut, baina ez nuke alderaketa errazik egin nahi. Bienvenue chez les Ch’tis (Dany Boon, 2008) edo pelikula frantses horren remake den Bienvenuti al Sud (Luca Miniero, 2010) lanetatik gertuago dago, neurriz kanpo baloratutako Ocho apellidos vascos (Emilio Martinez Lázaro, 2014) filmatik baino, baina arrakastaren gakoa erabat desberdina da. Quo vado? lanaren kasuan, Checco Zalone pertsonaian dago sekretua. Luca Pasquale Medici umorista sartu da haren larruan, eta esan daiteke, literaltasun osoarekin gainera, pertsonaiak pertsona irentsi duela.
Ez da oraingo kontua, Gennaro Nunziantek zuzendutako beste hiru pelikuletako protagonista ere badelako Zalone: Sole a catinelle (2013), Che bella giornata (2011) eta Cado dalle nubi (2009). Hain justu, lan horien bitartez hasi zen Italiako zinema aretoak lepo betetzen. Aktore, aurkezle eta musikari izateaz gain, Pasquale gidoilari lanetan ere ibili ohi da. Berak idatzi ditu, Nunzianterekin batera, aipatutako pelikula horientzako guztientzako eta honentzako gidoiak. Inork gutxik ezagutzen du bere jatorriko izenarekin: aktoreen zerrendan Checco Zalone izen artistikoa ikusiko dugu, urrutira joan gabe.
Eta hainbesterako al da? Ez, ez da hainbesterako, Quo vado? pelikula bezala, baina, hala ere, harribitxi bat ez izan arren, barre algara ugari eragiten ditu. Umorearen magia, edo, hobe esanda, sinpletasunarena dela esango nuke. Osagai zinematografikoak ere badaude, noski, ez dizkiogu meritu guztiak magiari emango. Proposamenak duen indargunerik garrantzitsuena erritmoa da, zalantzarik gabe. Pelikula bizia da, ez du aspertzeko tarterik uzten, eta horrek umore giroan mantenduko du ikuslea amaiera arte. Hori bai, behin zinema aretoa utzita, baliteke filma abiadura berean ahaztea. Dena dela, horrek garrantzia al du ordu eta erdiz algara batean egon eta gero?