Urtea: 2016

Zuzendaria: Iban Gonzalez

Herrialdea: Euskal Herria

Txikitatik entzun izan nuen aitaren ahotik amonak gerratean Frantziara joan behar izan zuela. Ez dugu, hala ere, inoiz asko hitz egin horri buruz. Horrelakoxea izan da emakumearen historia, gordina baina gordea. Gerrateko emakumeek pairatu behar izan zituzten egoera latzek ez dute fikzioaren munduan leku handirik izan, ospetsuagoak dira tiroka ibili ziren gizon ugarien kontaketak; komertzialagoak behintzat badirela argi geratu da. Betetzea beharrezkoa zen hutsune hori asetzeko pausua ematen du Ama, nora goaz? filmak, emakume borrokalari horiek merezitako errespetua eta errekonozimendua dute azkenik.

Gaur egun milaka errefuxiatuk beraien herrialdeetatik ihes egiten duten moduan (filmean hasieratik azpimarratzen den paralelismoa) 1000 emakumetik gorak hanka egin behar izan zuten beraien etxeetatik, umeak besoetan, herria atzean utzi behar izan zuten. Haur hauek dira Ama, nora goaz? filmaren protagonista eta kontalari. Zaila da andre hauen istorioez ez gozatzea, une gogor artean, hunkitzeaz gain, irrifar bat ere eragiten baitu ikuslearen aurpegian filmak. Hunkigarria da ikustea nola gogoratzen dituzten beraien amen hitzak:«Ez ahaztu, berriro gerta ez dadin; baina gorrotorik ez», «Ez gelditu atzera begira maitea, bidea aurrean da eta». Horixe da filmaren mezu nagusia, gogoan izan aurrekoek bizitakoa, errepika ez dadin, aurrera egin etorkizun hobeago baten esperoan.

Fikzioa eta dokumentala nahasten ditu filmak, Edurne Aizpurua, Lore Albizu, Margari Albizu, Josune Sasiain, Lide Balenciaga, Agate Sodupe, Tere Larrar, Itziar Sagarzazu, Matilda Aizpurua, Garbiñe Andonegi, Arantza Bullain, Anita Usiain protagonisten testigantzaz gain, une oro Esther Remiro (amona) eta Barbara Rivas (iloba) aktoreen pertsonaiak ditugu istorioaren haria gidatzen. Kamera batekin eskuan duela 80 urte igarotako bidea egiten du ilobak, isilik dagoen amonaren ahotsa ekartzen digu gazteak. Nahiz eta gaur egungo gaztek istorio hauen kontatzaileen ordezkotza hartzea beharrezkoa dela gogorarazi nahi izan, film honetan soberan dagoen elementu bakarra da honakoa. Fikzioa eta errealitatea nahastea zuzendariak narrazio hobe baterako hartu zuren erabakia izan arren, ez du filmean ekarpen handirik egiten eta askotan Barbara Rivasen pertsonaia soberan sumatzen dugu filmean.

Hala eta guztiz ere, filma erabat gomendagarria dela deritzot; hein batean beharrezkoa bai euskal zinemarentzat, eta baita euskal historiaren hedapenarentzat ere. Emakumeen indarrari merezitako omenaldia izateaz gain, egun hauetan hain beharrezkoa den memoria historikoarentzat opari bat da filma.