Euskarazko animaziogintzan aitzindaria izan zen Juanba Berasategi (Pasaia, 1951) gaur goizean zendu da. 1985ean Kalabaza tripontzia, euskarazko animaziozko lehen film luzea, aurkeztu zuen, eta bere azkeneko lana Nur eta herensugearen tenplua izan da, Toti Martinez de Lezearen liburuan oinarritutakoa, aurki estreinatzekoa dena.

Juanba-Berasategi-Zinea-02

Euskal zinemagintzari berebiziko ekarpena egin dion zinegilea da Berasategi. Animazioaren alorrera bideratu zituen bere eginahalak Lotura Films ekoizpen etxetik, eta aitzindaria izan zen gurean. La estrella de Oriente – Ekialdeko izarra film laburrarekin abiatu zuen bere ibilbidea 1977an, eta bi urte geroago Fernando amezketarra saila osatu zuen.

Gainera, Euskal Herrian euskaraz egin den animaziozko lehen film luzea estreinatu zuen 1985ean, Kalabaza tripontzia ederra, eta berak zuzendutako ekoizpenen artean dira Kukubiltxo (1986), Ipar haizearen erronka (1991), Ahmed, Alhambrako printzea (1997), Alhambrako giltza (2002), Barriola San Adrinago Azeria (2008) eta Galdys del Estal (2013).

Ikuska sailean ere parte hartu zuen 1980an, Euskara galdutako Nafarroa dokumentalarekin, eta bere proiektu berriena, Nur eta herensugearen tenplua, aurki estreinatuko da.

2013an, halaber, ohorezko Zinemira saria jaso zuen Donostia Zinemaldian, bere ibilbide oparoaren eta egindako ekarpenaren aitortza gisara. Segidan Ganbara datu-baseko bere fitxa kontsultagai.

Galera handia

Asko izan dira galeraren aurrean atsekabea azaldu duten norbanako eta eragileak, hala nola, Euskadiko Filmategia, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Zineuskadi, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Zine Bilera.