Ekainaren 30era arte zabalik izango da Donostia Zinemaldiak antolatutako Glocal in Progress deialdira proposamenak aurkezteko epea. Hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako ekoizpenei zuzendutako egitasmoa da, eta jaialdian postprodukzio-fasean dauden hiru film luzek hartuko dute parte.
Zinema Eraikitzen eta Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroa egingo diren egunetan, irailaren 25etik 27ra, egingo dute aurten aurrenekoz Glocal in Progress ekimena ere. Europako hizkuntza ez hegemonikoetan (hau da, alemana, errusiera, frantsesa, gaztelania, ingelesa eta italiera ez direnetan) errodatutako filmen garapena eta ikusgarritasuna sustatzea du helburu, eta horretarako, deialdira aurkeztutako lanen artean hiru hautatuko dituzte.
Hiru lan horiek Donostia Zinemaldian eskainiko dituzte, produktorez, banatzailez, salmenta-agentez eta programatzailez osatutako epaimahai baten aurrean. Haien egitekoa film horiek amaitzen laguntzeko eta nazioartean zabaltzeko laguntza eskaintzea izango da.
Deialdira lanak aurkezteko epea ekainaren 30ean amaituko da. Oinarriak eta formularioa online topa daitezke segidan.
Glocal in Progress ekimenean parte hartzen duten hiru ekoizpenen artean Glocal in Progress Industria saria banatuko dute, Deluxe, Dolby, Laserfilm, Nephilim eta No Problem ekoizpen etxe haindien zerbitzuez gozatzeko aukera emango duena, eta gainera, saria jaso duen proiektuan gehiengoa duen ekoizleari 10.000 euroko Glocal in Progress saria ere emango diote.