Kritika: ‘Rosalie Blum’

Rosalie-Blum-Kritika-Zinea-Aritz-SorzabalZuzendaria: Julien Rappeneau

Urtea: 2015

Herrialdea: Frantzia

Vicent Machoten (Kyan Khojandi) bizitzak ez du ezuste berezirik. Errutinan murgilduta bizi da. Hogeita hamar urte inguru ditu, eta bere egunerokoak ez du sekreturik. Ile-apaindegi bat du, lehengusuarekin geratu ohi da, bere katuarekin bizi da eta ama bizilagun gisa du. Egun batean, ordea, Rosalie Blumekin (Noémie Lvovsky) egingo du topo, eta bere bizitza goitik behera aldatuko da. Emakume hori ezagutzen duela sinetsita dago, eta haren atzetik ibiliko da ezkutuan, jarraika, zer nolako egunerokoa duen jakin nahian.

Matrioshka xarmagarri bat eraiki du Julien Rappeneauk bere ibilbideko lehen film luzean. Herritar arrunt bat beste herritar arrunt baten bizitzaren lekuko izango da, jakin gabe beste herritar arrunt bat haren bizitzaren lekuko ere badela. Ikusleak itxiko du matrioshka, pertsonaia guztiak ikuskatuko baititu zinema aretoko eserlekutik. Hala, voyeurrak bilakatuko gara guztiak, baina pelikularen espiritua hori baino gehiago da. Izan ere, jakin-minetik enpatiara igaroko gara, jolas bat izatetik errealitatea serio hartzera. Zentzu honetan, bistan da protagonistak ez direla profesionalegiak izango detektibe gisa, gero eta lotura gehiago erakutsiko baitute ikuskatzen ari diren pertsonarekiko. Ikusleak prozesu bera jarraituko du, eta bete-betean murgilduko da pertsonaien bizitzan eta barne munduan. Maitasuna hartuko die, neurri batean.

Trama ez da zuzendariaren ideia, dena esan beharra dago. Jean-Paul Rappeneau zuzendari historikoaren semeak Camille Jourdyren komikiak hartu ditu oinarri bere opera prima osatzeko. Zinemagilea ere ikuskatze lanetan ibili da, beraz;  ilustratzailearen lana aztertzen, kasu honetan. Hortaz, pelikulako pertsonaiak irudikatuta zeuden aurretik, istorioa bera bezala, baina Rappeneauri ez diogu meriturik kenduko: jatorriko izaera zaindu du, eta proposamen maitagarri bat eraiki du pantaila handirako. Hain justu, samurtasun horrek hurbilduko gaitu horrenbeste pertsonaiengana.

Irribarrea eragingo digu filmak, baina ez nuke esango komedia bat denik, hala izendatuta dagoen arren. Dibertigarria da, baina ez dago karikaturarik, nahiz eta panpinen artean bizi den Vicenten ama (ez dira panpin errusiarrak, kasu honetan) mugan egon. Esan ohi dute liburu kaskar batetik ezin dela pelikula on bat atera. Kasu honetan, pelikulak komiki bikain bat du oinarrian, eta horrek asko lagundu du filma biribila izateko. Hori bai, zuzendariaren meritua aitortu dudan bezala, aktoreen lana ere nabarmenduko nuke. Naturaltasun handiz ariko dira; pertsonaia nagusiak ez ezik, bigarren mailako pertsonaiak ere. Jarraitzeko moduko aktoreak eta zuzendaria dira, zalantzarik gabe; ezkutatu beharrik gabe, gainera.